Itxi

Saskibaloia

Tokio 2020 | Saskibaloia

AEBko selekzioak galdu egin du Frantziaren aurka (83-76)

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Estatubatuetako gizonezkoen taldeak 17 urte zeramatzan Olinpiar Jokoetan partidarik galdu, hots, Argentinak Atenaseko finalerdietan kanporatu zutenetik.

  • Kevin Durantek Evan Fournier gainditu nahi du Damian Lillarden begiradapean.

    Kevin Durantek Evan Fournier gainditu nahi du Damian Lillarden begiradapean. Argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) selekzioak, Tokioko Olinpiar Jokoetan saskibaloiko urrezko domina bereganatzeko faborito nagusiak, gaizki ekin dio lehiaketari, galdu egin baitu Frantziaren aurka txapelketako estreinako neurketan (83-76).

Frantzia ez da kikildu ustez askoz sendoagoa zen aurkariaren aurrean, eta haren indarguneak murrizten jakin du (AEBk % 36ko eraginkortasuna besterik ez du izan jaurtiketetan. Kevin Durant faltaz bete dute, eta askoz hobeto aritu dira azken txanpan Fournier (28 puntu), De Colo (13 puntu) eta Goberten (14 eta 9 errebote) eskutik..

17 urte dira AEBko selekzioak Olinpiar Jokoetan neurketarik galtzen ez zuela. Azkena Atenasen izan 2004an, Argentinaren aurka (89-91), txapelketako finalerdietan. Hori bai, FIBAko txapelketetan galdu izan du azken boladan, besteak beste, Frantziako selekzioak berak 2019ko Txinako Munduko Txapelketatik kanpo utzi zuen, nahiz eta orduko AEBko taldea oraingoa baino askoz apalagoa zen.

Estatu Batuetako taldearen estreinaldia etsigarria izan da, azken minutuetan lehiatzeko izan zuen gaitasunik ezagatik, eta txapelketa prestatzeko bidean izandako beste bi porrotak (Nigeriaren eta Australiaren aurka) kasualitatea izan ez zirela argi utzi dute.

Fitxa teknikoa:

83 - Frantzia (12+22+25+21): De Colo (13), Yabusele (6), Fournier (28), Batum (5), Gobert (14) -hasierako bostekoa-, Heurtel (5), Luwawu Kongbo (2), Fall (7), Poirier (3) eta Cornelie.

76 - Estados Unidos (22+23+11+20): Lillard (11), LaVine (8), Adebayo (12), Durant (10), Green (2) -hasierako bostekoa-, Holiday (18), Tatum (9), Booker (4), Johnson, McGee (2) eta Middleton.

Epaileak: Guilherme Locatelli (BRA), Michael Weiland (CAN), Manuel Mazzoni (ITA). Kevin Durant knaporatu dute bost faltengatik (39. min).