Itxi

Saskibaloia

Malagan

Bidaideak taldea, Errege Kopako txapeldun (72-67)

EITB MEDIA

Bilbotarrak Kanaria Handia taldeari gailendu zaizkio Malagan, eta David Mouriz izan da euren saskiratzailerik onena, 25 punturekin. Bidaideakek lortzen duen lehen Kopa titulua da.

  • Bidaideak taldea, Errege Koparekin

    Bidaideak taldea, Errege Koparekin. Argazkia: Efe.

Bidaideak taldeak gurpildun saskibaloiko Errege Kopa irabazi du, lehen aldiz bere historian, Kanaria Handia taldeari 72 eta 67 gailenduta, Malagan jokatutako finalean.

Bilbotarrak aurkaria baino gehiago izan dira, baina zenbait minututan sufritu egin behar izan dute, eta titulua ere arriskuan izan dute.

Neurketa hasiera orekatua izan da, eta bizkaitarren aldeko lau puntuko alde bat kenduta, gauzak estu izan dira (19-21).

Bigarrenean, Bidaideakek krisi txiki bat izan du, eta egoera hori ondo aprobetxatu dute kanariarrek emaitza iraultzeko eta sei puntu aurretik jartzeko. Bizkaitarrek, baina, defentsa sendotu dute eta oreka markagailura itzuli dute. Berdinketak bata bestearen atzetik izan dira, 34-34ra iritsi diren arte.

Orduan, eta atsedenaldirako minutu gutxiren faltan, Bidaideak berriro aurretik jarri da eta nagusi izan da David Mouriz jokalariak hiruko lerrotik egindako lan bikainari esker. Sei hiruko jarraian sartu ditu bizkaitarrak.

Horrela, Bidaideak sei puntuko aldearekin iritsi da atsedenaldira (45-39). Alde hori handitzen joan da hirugarren laurdenean 12 puntuetara iritsi arte (57-45). Horiek izan dira talde bilbotarraren minuturik onenak.

Hala ere, Kanaria Handiak ez du amore eman eta alde hori sei puntura jaistea lortu du, azken laurdenaren hasierarako (61-55).

Sufrimendua azken minutuetan

Azken minutuetan emozioa izan da nagusia. Bi taldeak oso berdinduta aritu dira, kantxan eta markagailuan. Bukaerarako bi minuturen faltan, 67na izan dira. Kopa bata zein bestearen eskutan izan da, eta ezinezkoa izan da garailea zein izango zen aurreikustea.

Bidaideakek hobeto eutsi dio presioari eta aurkariaren urduritasuna eta hutsak aprobetxatuta, bilbotarrak aurretik jarri dira berriro finala 72 eta 67 irabazteko. Horrela, Bidaideak da Errege Kopako txapelduna, bere historian irabazten duen lehenengoa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena