Itxi

Saskibaloia

EUROKOPA

IDK Euskotrenek galdu egin du Zabinyren aurka, eta oso zail du aurrera egitea (79-71)

A. A. | EITB MEDIA

Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak garaipena lortu behar du azken jardunaldian eta beste emaitza batzuen zain egon, hirugarren sailkatuen arteko onenen artean egoteko helburuarekin.

  • IDK Euskotreneko jokalariak partida amaieran

    IDK Euskotreneko jokalariak partida amaieran. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia

IDK Euskotren Eurokopako multzoen fasea igarotzeko oso aukera gutxirekin geratu da ostegun honetan, Zabiny Brno taldearen, K multzoko azken sailkatuaren, etxean galdu ondoren (79-71).

Donostiako taldea indartsu hasi da, Joy Adams amerikarraren falta sumatu arren, eta bazirudien partidako agintea berea izango zela.

Gauzak laster okertu dira; izan ere, nahiz eta txekiarrek 11 puntuko aldearekin galdu zuten Donostian jokatutako joaneko partidan, baliabide ugari eta jaurtitzaile ugari dituzte. Gainera, Bria Holmes ere sasoiko dute, eta, hartara, Zabiny izan da lehen laurdeneko erdialdetik atsedenaldira bitartean neurketako ekimena bereganatu duena.

Estreinako hamar minutuak 19 eta 11ko emaitzarekin amaitu dira, lehian zehar izan duten aldearekin, alegia. Ordutik aurrera, ordea, Azu Muguruzaren jokalariek defentsa tenkatu dute, eta txekiarrak sufritzen hasi dira. Maria España, Coulibaly eta Cardañok min handia egin diete txekiarrei, eta aldageletara bost puntuko aldearekin joan dira, dena erabakitzeke zegoela (39-34).

IDK garaipena bila zihoan, eta hirugarren laurdenean berehala hurbildu da puntu bakarrera (48-47) Dembele udazkeneko fitxaketaren ekarpenari esker.

Azken laurdena parekatuta joan da, gipuzkoarrak ere markagailuan aurretik izan direlarik, eta azken segundoetara 73-71ko emaitzarekin iritsi dira, baina Ann Lassen aurka adierazitako nahita egindako falta batek garaipena lortzeko aukera guztiak zapuztu dizkie.

Horrenbestez, nahiz eta neurketa galdu, IDK-k oraindik badu aukera bat lau hirugarren onenetako bat izateko, baina horretarako datorren asteazkenean Montpellierri irabazi beharko diote Gascan, eta, ostean, gainerako multzoetako beste emaitzen zain egon beharko dute.

Fitxa teknikoa:

79 - Zabiny Brno: Cunane (8), Hamzova (4), Holmes (15), Stoupalova (4), Zaplatova (17), Burtova, Cechova (9), Manusova (2), Knezevic (16), Soukalova (2) eta Vackova (2).

71 - IDK Euskotren: Vanesa Jasa (8), Natalia Rodríguez, Yurena Díaz (2), Coulibaly (17), Cardaño (11), María España (13), Kadri-Ann Lass (3), Cristina Soriano, Dembele (17) eta Nora Pérez.

Epaileak: Eger (Austria), Hodzic (Bosnia) eta Muller (Alemania).

Markagailuak laurden bakoitzeko: 19-11; 39-34 -atsedenaldia- 55-52; 79-71.