Itxi

Saskibaloia

ENDESA LIGA

Tanaya Atkinsonek ez du Kutxabank Araskin segituko

A. A. | EITB MEDIA

Jokalari estatubatuarra Arabako taldearen historiako saskiratzaile nagusia da, Gasteizen bi denboraldiz aritu ostean.

  • Tanaya Atkinson, tratando de superar a una rival.

    Tanaya Atkinson, tratando de superar a una rival. Foto: EFE

Kutxabank Araskik astearte honetan iragarri duenez, Tanaya Atkinson jokalariak ez du Gasteizko taldean jarraituko datorren denboraldian. 2021eko udan heldu zen Araskira Clarinos Tenerifetik, eta berdez jantzita bi denboraldi eman ostean, Estatu Batuetako hegalekoak taldea utziko du.

Denbora tarte horretan Atkinsonek pilatutako zenbakiak zeharo azpimarragarriak dira; izan ere, Araskiren historiako saskiratzailerik onena bihurtu da, 925 punturekin, klubeko bi jokalari historiko gaindituta: Maria Asurmendi eta Natalie van den Adel. Era berean, estatubatuarra erreboteen zein asistentzien sailkapenean ere nabarmendu da, hirugarren tokian baitago lehendabizikoan (331 errebote), eta bosgarrenean, bigarren arloari dagokionez (138 asistentzia).

Araskik argitaratutako oharrean, "zorterik onena" opa dio jokalariari bere etorkizun pertsonal eta profesionalean, eta egindako lanarengatik eskerrak emanez agurtu da Made Urietak zuzentzen duen klubak: "Eskerrik asko, Nay!".

Jokalariak ere agur esan dio klubari bere sare sozialen bidez.