Saskibaloia
Baskonia-BIlbao Basket derbia
Baskonia etxean estreinatuko da, lehen euskal derbian
EITB MEDIA
Joan Peñarroyaren mutilek hirugarren partida jokatuko dute astebetean, Lugon Breogan gainditu eta Murtzian porrota jaso ondoren. Bestalde, Bilbao Basket Andorra mendean hartuta iritsiko da Buesa Arenara.
-
Baskonia-Bilbao Basket Argazkia: EITB MEDIA
Baskonia taldeak eta Surne Bilbao Basketek denboraldiko lehen euskal derbia jokatuko dute, larunbatean, Buesa Arenan. Bada, Gasteizko taldeak, ACB Ligako hirugarren jardunaldi honetan, iragan denboraldian eman zituen sentsazio onak berriro erakustea espero du.
Joan Peñarroyaren mutilek astebetean jokatuko duten hirugarren partida izango da Bilboko taldearen aurkakoa, Lugon Breogan gainditu eta Murtzian galdu ondoren. Oraindik osatzen ari den talde gorri-urdinak, jardunaldiak aurrera egin ahala, hainbat jokalarik euren maila hobetzea behar du, asmo handiko helburuak lortu nahi baditu. Izan ere, Nico Mannion, Matt Costello eta Khalifa Diopen badute taldearen jokoan eragin handiagoa izateko ahalmena.
Bestalde, Jaume Ponsarnauren taldea Andorra mendean hartuta iritsiko da, Baskoniari irabazteko asmoarekin. Adam Smith, Alex Renfroe eta Melvin Pantzar buru dituen kanpoko jokoa da "beltzezko gizonen" erreferentzia. Talde orekatua izateaz gain, denboraldiaurre ezin hobea egin dute.
Arabarrek eta bizkaitarek elkarren aurka Gasteizen jokatuko dute hemeretzigarrenez. Bilbotarrek behin bakarrik, 2007an, irabazi ahal izan dute Buesa Arenan. Beste 15 norgehiagokak Baskoniak irabazi ditu.
Gainera, Baskoniaren Koliseora gerturatuko diren 15.500 lagunentzat argi eta soinu ikuskizunak eta Vicco, Juan Magan eta Maldita Nerearen musika emanaldiak izango dira.