Saskibaloia
Ostiral honetan
Baskoniak Luis Scola argentinarraren kamiseta erretiratuko du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Scolak zazpi denboraldiz jokatu zuen Gasteizko taldean, eta haren kamiseta pabiloi gorri-urdinaren goialdean geratuko da ostiral honetan, Baskonia-Partizan partida jokatu baino lehen erretiratu ostean.
-
Luis Scola jokalaria omenduko du Baskoniak. Argazkia: Baskonia
Baskoniak Luis Scola jokalari ohiaren kamiseta erretiratuko duela iragarri du. Ostiral honetan, Buesa Arenan, Baskoniak eta Partizanek 20:30ean jokatuko duten partida hasi baino lehen egingo dute ekitaldia. Zazpi denboraldi egin zituen jokalari argentinarrak Gasteizko taldean.
"Gasteizko klubak ostiral honetan omenduko du Baskoniako jokalari ohia. Luis Scolaren kamiseta betirako geratuko da pabiloi gorri-urdinaren goialdean, Baskonia-Partizan partida baino lehen erretiratu eta gero. Luis Scola zazpi urtez hainbeste gozatu zuen pistara itzuliko da", jakinarazi du taldeak.
Scola kapitaina izan zen, eta titulu hauek irabazi zituen Baskoniarekin: ACB Liga bat (2001-02), hiru Errege Kopa (2001-02, 2003-04 eta 2005-06) eta hiru Superkopa (2005, 2006 eta 2007). Horrez gain, hiru aldiz sailkatu zen Euroligako Lauko Finalerako (2005, 2006 eta 2007).
Argentinarrak 2000ko urriaren 22an egin zuen debuta Baskoniarekin, Badalonako Joventuten kontra. Orduz gero, 447 partida jokatu zituen kamiseta gorri-urdina jantzita: 303 ACB Ligan eta 144 Euroligan. Klubaren historian partida gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan laugarren tokian dago.