Euskal Herriko Itzulia
3. etapa
Schachmannek bigarren garaipena lortu eta lidergoa sendotu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alemaniarra indartsu azaldu da Estibalizko santutegiko maldetan, eta nagusitasunez irabazi du etapa. Ion Izagirre bigarren postura igo da sailkapenean.
Maximilian Schachmannek (Bora Hansgrohe) irabazi du 2019ko Itzuliko hirugarren etapa, Sarriguren eta Estibalizko santutegiaren artean (191,4 kilometro) jokatu dena. Hartara, txirrindulari alemaniarrak aurtengo lasterketan lortzen duen bigarren garaipena izan da asteazken honetakoa; izan ere, berak eskuratu zuen lehen jardunaldian jokatu zen Zumarragako erlojupekoa.
Schachmann aise gailendu zaie gainerako aurkari guztiei helmugara iritsi orduko zegoen azken aldapatxoan (% 4). Bere atzetik sartu dira Diego Ulissi (UAE Emirates) eta Enrico Battaglin (Katusha).
Etapako protagonista nagusia helmugarako sei kilometroren faltan gertatu den erorikoa izan da, zenbait faborito tartean harrapatu baititu. Horietako batzuk azkar altxatu ahal izan dira eta martxan jarraitu dute eragozpen larregirik gabe, nahiz eta helmugan atzerapenarekin sartu diren. Egoera horretan egon dira Enric Mas (Deuceninck-QuickStep), Gorka Izagirre zein Omar Fraile (Astana), besteak beste. Mallorcakoak 1:43ko denbora galdu du helmugan eta Astanakoek, berriz, 2:08.
Aitzitik, beste zenbaitzuek kalte gehiago jasan dituzte erorikoaren ondorioz, eta atzerapen handia pilatu dute Estibalizko ailegaeran. Joan zen urtean Frantziako Tourra irabazi zuen Geraint Thomasek (Sky), adibidez, 5:46 galdu du; Michal Kwiatkowski bere taldekideak, 9:18; etapa irabazteko faborito nagusiena zen Julian Alaphilippek (Deuceninck-QuickStep), 12:09. Astearteko etapa irabazi zuen txirrindulari frantziarra minduta sartu da helmugan, baina lasterketan jarraituko duela dirudi.
Sustorik handiena Jonathan Castroviejo (Sky) bizkaitarrak eman du, ospitalera eraman behar izan baitute, eta itxura guztien arabera hautsita dauka eskuineko lepauztaia.
Eroria libratu duten txirrindularien artean, Astanako Ion Izagirre ormaiztegiarra eta Pello Bilbao gernikarra egon dira, baita Mikel Landa Movistarreko liderra ere. Guztiek egin dute gora sailkapen nagusian. Izagirre bigarren dago kokatuta, Schachmannengandik 33 segundora; Bilbao zazpigarrena da, 54 segundora, eta Landa bederatzigarren tokian dago, 1:16ra.
Ostegun honetan, laugarren etapa korrituko da Gasteiz eta Arrigorriaga artean (163,6 kilometro), eta zeresana eman dezake sailkapen nagusiari begira, ibilbideko azken kilometroetan bi igoera zaili egin beharko baitiote aurre lehiakideek, Bikotz Gane eta Zaratamoko mendateei, alegia. Bikotz Gane lehen mailakoa da, 4,9 kilometro ditu eta % 8,5eko batez besteko maldak. Zaratamo, berriz, hirugarren mailakoa da, eta helmugatik hiru kilometrora igo beharko dute txirrindulariek.
Schachmann: "Irabazten ahaleginduko naiz"
Hirugarren etapan garaile izan den Maximilian Schachmann zuhur agertu da azken garaipena lortzeko dituen aukerei buruz hitz egiteko garaian.
"Ez dakit datorren larunbatean horiz amaitu ahal izango dudan lasterketa. Egia da azken bi egunetan oso ondo ibili naizela, baina munduko igotzaile onenen aurka jardun beharko dut. Dena dela, taldea indartsu dago, eta irabazten ahaleginduko naiz", azaldu du Bora taldeko txirrindulariak.
Itzuliko liderrak helmugatik hurbil gertatutako erorikoa ezbeharrik gabe igaro du: "Ez dut erorikoa ikusi, baina entzun egin dut. Taldekide baten babesean nindoan lehen hamarren artean, eta zorionez saihestu ahal izan dugu", adierazi du alemaniarrak.