Euskal Herriko Itzulia
2. etapa
Alaphilippe, garaile Gorraitzen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziarrak segundo bateko aldea atera dio 17 txirrindulariz osatutako taldetxoari, tartean zegoen Schachmann liderra ere.
Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step) frantziarrak irabazi du astearte honetan jokatu den Itzuliko bigarren etapa, Zumarraga eta Gorraitz artean korritu dena (148,5 km).
Alaphilippek igoera txikietan erakutsi ohi duen abilezia baliatu du etapako azken 800 metroetan zegoen % 6ko maldan, 17 txirrindulariz osatutako tropeltxoa azpiratzeko.
Frantziarraren atzetik eta segundo bateko atzerapenarekin Bjorg Lambrecht belgikarra (Lotto Soudal), Michal Kwiatkowski (Sky) poloniarra eta Omar Fraile (Astana) santurtziarra sartu dira lehen lau postuetan.
Faboritoen artean, Adam Yates (Mitchelton-Scott) britainiarrak denbora asko galdu du (1:12), zulatua izan baitu etapan zehar zeharkatu behar izan dituzten lurbide tarteetako azkenekoan, helmugarako 17 kilometroren faltan, hain zuzen ere. Bere taldekideak ahalegin bizian aritu dira azken kilometroetan berriro ere tropel nagusiarekin bat egiteko asmoz, baina ezinezkoa izan zaie.
Bestelako jarduna izan du Maximiliam Schachmann (Bora Hansgrohe) alemaniarrak; izan ere, lider jarraitzen du eta, gainera, lau segundoko gain-saria lortu du guztira eguneko esprint berezietan. Ion Izagirre (Astana) ormaiztegiarra ere erne ibili da esprint horietan, eta hiru segundo poltsikoratu ditu.
Sailkapen nagusia Zumarragako erlojupekoa amaitu zen antzera geratu da. Schachmannek dauka elastiko horia, eta haren atzetik daude Alaphilippe (5 segundora), Kwiatkowski (11ra) eta Daniel Felipe Martinez (13ra), hurrenez hurren. Education First taldeko txirrindulari kolonbiarra izan zen Zumarragako erlojupeko ezusteko handiena, eta gaurkoan ere onenen artean sartu da.
Euskal txirrindularien artean, hoberen kokatuta dagoena Ion Izagirre da. Astanakoa seigarren dago sailkapenean, liderrarekiko 23 segundoko atzerapenarekin. Pello Bilbao bere taldekidea hamalaugarrena da, 44 segundora. Are atzerago dagoena Mikel Landa (Movistar) murgiarra da, hogeita bigarren tokian baitago sailkatuta. Arabarrak 9 segundo galdu ditu Gorraitzeko helmugan, eta, hartara, 1:06ko atzerapena dauka guztira.
Asteazken honetan, Sarriguren eta Estibaliz batuko dituen hirugarren etapa korrituko da. Txirrindulariek hirugarren mailako bi mendate (Goñi eta Opakua) igoko dituzte 191,4 kilometroko ibilbidean zehar. Azken bi kilometroetan, % 4ko igoera izango dute zain kirolariek, Estibalizko Andre Mariaren santutegira heldu arte.
Alaphilippe: "Etapa bat irabaztera etorri naiz, ez sailkapen nagusia"
Julian Alaphilippe etapako garaileak adierazi duenaren arabera, "etapa bat" irabazteko helburuarekin etorri da aurtengo Itzulira, "ez sailkapen nagusia". Hala ere, egunak aurrera joan ahala, bere burua aurrean ikusiz gero, adierazi du "gertu" dagoela elastiko horiaren lehian aritzeko.
"Ez neukan bereziki etapa hau lortzeko asmoa, baina aukera bat zen. Motibatuta nengoen eta saiatu beharra zegoen. Zorionez, primeran atera da dena. Gustuko ditut gorantz egiten duten amaierak, hori dela-eta kontzentratuta egon naiz. Zulatu bat eduki dut, eta bi aldiz aldatu behar izan dut bizikleta. Taldekide batek berea utzi behar izan dit, baina tartea berreskuratu dut, eta une egokian ekin diot erasoari", azaldu du frantziarrak.
Aurtengo Strade Bianche eta Milan-San Remo lasterketak irabazi dituen txirrindulariak "poztasunez" hartu ditu etapan izan diren lurbideko tarteak.
"Asko gustatu zaizkit. Lasterketa urduritzeko balio duen errepidea da. Oso erne eta ondo kokatuta joan behar duzu sailkapen nagusiaren borrokan bazabiltza. Lehen tartean sartu orduko talde nagusia eten egin da, eta horrek urduritasun uneak eragin ditu. Atsegin dut hori", iritzi dio Alaphilippek.