Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

13. etapa

Einer Rubio nagusitu da Giroko 13. etapan, eta Geraint Thomasek lidertzari eutsi dio

Agentziak | EITB Media

Movistar taldeko Rubiok bereganatu du garaipena 13. etapan. Kolonbiarra ihes eginda iritsi da Pinotekin eta Cepedarekin batera, eta nagusi izan da hiruren arteko lehian. Faboritoen artean ez da surik piztu. Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez da aldaketarik eman.

  • Einer Rubio

    Einer Rubio, Giroko 13. etapako irabazlea. Argazkia: EFE

Einer Rubiok (Movistar) irabazi du Italiako Giroko 13. etapa, ostiral honetan, maiatzaren 19an, eta Geraint Thomasek (Ineos Grenadiers) lidertzari eutsi dio.

Etapako ibilbidea 75 kilometrora murriztu dute antolatzaileek, metereologiarengatik. Ondorioz, txirrindulariek ez dute igo behar izan Grand-Saint-Bernard mendatea; bai, ordea, Croix de Coeur eta Crans Montana mendateak, azken 75 kilometroetako ibilbidea ez baita aldatu.

Hasieratik erasoak eman dira tropelean. Lehenengo, Valentin Paret-Peintrek (AG2R Citroën) egin du aurrera, eta Croix de Coeurreko igoeran bat egin dute lasterketa buruarekin Jefferson Cepeda (EF Education-EasyPost), Thibaut Pinot (Groupama-FDJ), Bruno Armirail (Groupama-FDJ), Derek Gee (Israel-Premier Tech), Matthew Riccitello (Israel-Premier Tech) eta Einer Rubio (Movistar) txirrindulariek. Ondoren, igoeran, Gee, Rubio, Cepeda eta Pinot geratu dira lasterketa buruan, eta jaitsieran bat egin du haiekin Paret-Peintre.

Pixkanaka, ihesaldiko taldeak  handitu egin du abantaila tropelarekiko, eta 3 minutu eta 40 segundorainoko errenta izan dute. Tropela nahiko lasai ibili da, baina helmugarako 25 kilometro falta zirenean erritmoa bizitu du Geraint Thomas liderraren Ineos Grenadiers taldeak; hala, ihesaldiko taldearekiko desabanbtaila murrizten hasi dira. Hala ere, Ihesaldiko boskoteak 2 minutu eta 56 segundoko abantailarekin ekin dio azken igoerari.

Helmugarako 12 kilometro falta zirenean erasoa jo du Pinotek eta harekin batera egin du aurrera Cepedak. Apur bat geroago, Rubiok egin du bat lasterketa buruarekin, eta, ondoren,  Geek batu zaie.

Pinot behin eta berriz saiatu da aurrera egiten. Frantziarak hainbat eraso jo ditu, berriz geratu da buruan bakar-bakarrik, baina Cepedak erantzun egin dio berriro ere. Atzetik, sufrituta izan bada ere, Rubiok harrapatu egin ditu.

Pinot beste pare bat bider saiatu da aurrera egiten, baina ez du zuloa zabaltzea lortu. Hala, helmugarako 5 kilometro falta zirenean Cepedak jo du erasoa, eta abantailatxoa hartu du Pinot eta Rubiorekiko. Ekuardorrekoak, ordea, ez du asko iraun lasterketa buruan, Pinotek eta Rubiok berarekin bat egin baitute.

Hirukotea bat eginda heldu da azken kilometrora, eta haien artean lehiatu dute etapako garaipena. Hiruren arteko borrokan Einer Rubio nagusitu da, eta bera izan da irabazlea. Kolonbiarra izan da gehien sufritu duena igoeretan, baina, amaieran, saria lortu du ekinaren ekinez. Pinot izan da bigarren 8 segundora eta Cepeda hirugarren 11 segundora.

Bestalde, tropelean Ineos Grenadiersek ezarri du erritmoa, eta lasterketa irabazteko faboritoen artean ez da surik piztu, eta denek batera gurutzatu dute helmuga irabazlearekiko minutu bat eta 33 segundora.

Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez da aldaketa handirik eman. Beraz, Geraint Thomas dago lehen postuan; 2 segundo ateratzen dizkio Primoz Roglic (Jumbo Visma) bigarrenari; eta, 22 segundo Joao Almeida (UAE Emirates) hirugarrenari.

13. etapako sailkapena

1 - RUBIO Einer Augusto (Movistar) 2:16:21

2 - PINOT Thibaut (Groupama) +0:06

3 - CEPEDA Jefferson Alexander (EF E) +0:12

4 - GEE Derek (Israel) +1:01

5 - PARET-PEINTRE Valentin (AG2R) +1:29

6 - CARTHY Hugh (EF E) d. b.

7 - ALMEIDA João (UAE) +1:35

8 - DUNBAR Eddie (Jayco) d. b.

9 - THOMAS Geraint (INEOS) d. b.

10 - ROGLIC Primož (Jumbo) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - THOMAS Geraint (INEOS Grenadiers) 51:20:01

2 - ROGLIC Primož (Jumbo) +0:02

3 - ALMEIDA João (UAE) +0:22

4 - LEKNESSUND Andreas (Team DSM) +0:42

5 - CARUSO Damiano (Bahrain) +1:28

6 - KÄMNA Lennard (BORA) +1:52

7 - DUNBAR Eddie (Jayco) +2:32

8 - ARENSMAN Thymen (INEOS) +2:45

9 - DE PLUS Laurens (INEOS) +3:08

10 - PINOT Thibaut (Groupama) +3:13