Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

12. etapa

Nico Denzek trantsiziozko etapa irabazi du Rivolin, ihesaldiko indartsuena izan baita

EITB MEDIA

Bora taldeko txirrindulari alemaniarrak Toms Skujins (Trek) eta Sebastian Berwick (Israel) menderatu ditu, esprintean. Geraint Thomasek ez du arazo handirik izan maglia arrosari eusteko.

  • Nico Denzek garaipen bikaina bereganatu du Giroko 12. etapan. Argazkia: EFE.

    Nico Denzek garaipen bikaina bereganatu du Giroko 12. etapan. Argazkia: EFE.

Bora hansgrohe taldeko Nico Denz txirrindulari alemaniarrak irabazi du 2023ko Italiako Giroaren hamabigarren etapa, ostegunean, Rivolin, helmugan izandako esprintean Tom Skujins (Trek) eta Sebastian Berwick (Israel) menderatuz. Ineos taldeko Geraint Thomasek ez du arazo handirik izan sailkapen nagusian lehen postuan dagoen ziklistak janzten duen maglia arrosari eusteko; trantsiziozko jardunaldia izan da, eta lasterketako indartsuenek indarra gorde dute, kontuan izanik ostiraleko etapa 1. mailako Crans Montana mendatean amaituko dela.

Hiru lasterketa handietan lortutako lehen garaipena du Nico Denzek. Alemaniarrak erakustaldia eman du egun osoan: lehenik, egunaren lehen zatian, tropela atzean utzi duen 30 gizonek osatutako taldean sartu da; gero, ia-ia 100 kilometro geratzen zirela, lasterketa buruan kokatu da, Skujinsekin, Berwickekin eta Alessandro Tonellirekin; jarraian, Colle Braida 2. mailako mendatean, harekin batera helmugaratu diren bi ziklisten erritmoari eutsi dio, Tonellik ez bezala; eta, azkenik, esprintean, nagusitasun handia erakutsi du beste bi iheslariak mendean hartzeko. Ausardia, indarra eta kemena izan ditu, eta merezitako saria jaso.

Asteazkeneko etapan, euskal txirrindularitzak nahigabea izan zuen, Oscar Rodriguezen eroriko larriagatik; nafarrak Giroa utzi behar izan zuen. Ostegunean, baina, Jonathan Lastra Cofidis taldeko bilbotarrak erakutsi du sasoi onean dabilela; bera ere sartu da ihes egin duen 30 ziklistak osatutako taldean, eta helmugan hemeretzigarren postuan sartu da. Sailkapen nagusian, hamazortzigarren tokian dabil, Thomasekiko bederatzi minutu eta segundo batera. Bizkaitar Giro ona ari da egiten.

Tarte batzuetan busti badu ere, aurreko egunetan baino gutxiago bota du; horrez gain, nahiko goiz argitu da garaipena ihesaldian zegoela, eta aurreko taldea, gainera, sakabanatuta geratu da, oraindik aurretik kilometro asko zeudela. Ondorioz, etapa garaipenaren lehian ibili ez diren txirrindularien lana asteko gainerako etapetan baino lasaiagoa izan da.

Nico Denzek lortutako garaipen handia, horrenbestez, oso bestelakoa izan litekeen beste egun baten atarian izan da. Giroaren hamahirugarren etapa, ostiralekoa, Borgofranco d'Ivreatik irtengo da, eta Crans Montana mendatean amaitu. 199 kilometro izango ditu, eta 1. mailako hiru mendate: Grand Saint-Bernard, Croix de Coeur eta Crans Montana; hain zuzen, helmuga azken horretan izango da. Badirudi eguraldi oso desatsegina izango dela, eta horrek areagotu egingo du etaparen gogortasuna; azterketa zaila dute, beraz, Geraint Thomas liderrak eta bere aurkariek, Giroa irabazteko lehian jarraitzeko.

12. ETAPA

Etapako sailkapena

1 - DENZ Nico (BORA) 4:18:11

2 - SKUJINŠ Toms (Trek) m.t.

3 - BERWICK Sebastian (Israel) +0:03

4 - TONELLI Alessandro (Green Project) +0:58

5 - FRIGO Marco (Israel) +2:07

6 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +2:20

7 - BETTIOL Alberto (EF Education) d.b.

8 - SCARONI Christian (Astana) d.b.

9 - HESSMANN Michel (Jumbo) d.b.

10 - BAUDIN Alex (AG2R) d.b.

19 - LASTRA Jonathan (Cofidis) +3:46


Sailkapen nagusia

1 - THOMAS Geraint (INEOS Grenadiers +49:02:05

2 - ROGLIC Primož (Jumbo) +0:02

3 - ALMEIDA João (UAE) +0:22

4 - LEKNESSUND Andreas (Team DSM) +0:35

5 - CARUSO Damiano (Bahrain) +1:28

6 - KÄMNA Lennard (BORA) +1:52

7 - DUNBAR Eddie (Jayco) +2:32

8 - ARENSMAN Thymen (INEOS) d.b.

9 - DE PLUS Laurens (INEOS) +2:36

10 - PARET-PEINTRE Aurélien (AG2R) +2:48

18 - LASTRA Jonathan (Cofidis) +9:01

------------------------------