Itxi

Txirrindularitza

L’Equiperen arabera

Mikel Landak Astanara itzuli nahi du, taldeko lider bakarra izateko

Agentziak | Erredakzioa

L’Equipe egunkariaren arabera, Landak bere burua eskaini dio bere talde ohiari itzuli handietan lider bakarra izateko, Movistarren Nairo Quintana kolonbiarrarekin duen harreman txarraren ondorioz.

  • Mikel Landa. Argazkia: Efe.

    Mikel Landa. Argazkia: Efe.

Mikel Landak Movistar utzi eta Astanara itzultzeko asmoa dauka, L’Equipe egunkariak larunbat honetan argitaratutakoaren arabera. Landak harreman txarra omen dauka Nairo Quintana Movistarreko taldekidearekin eta hori litzateke arabarra bere talde ohira itzultzeko arrazoi nagusia.

Mikel Landak 2014-2015 denboraldia Astanan eman zuen, eta ondoren Chris Froomen Sky taldera joan zen. L’Equipek dioenez, Landak bere burua eskaini dio Astanari eta Vinoukoureven taldeak itzuli handietan lider izateko eskaintza egin omen dio.

Egunkari frantziarraren arabera, azken asteetan Landaren eta Nairo Quintana Movistarreko beste liderraren arteko harremanek okerrera egin dute eta, hori ikusita, arabarra ez dago taldean jarraitzeko prest oraindik beste urtebeterako kontratua izan arren.

Sky utzi zuen liderra izateko

Astanan egon ostean, Mikel Landak bi denboraldi eman zituen Sky taldean (2015-16), Chris Froomentzat lan egiten. 2017ko Tourrean "inoren bigarrena" izan nahi ez zuela esan eta beste talde batera joateko asmoa agertu zuen. Handik gutxira, Movistarrek fitxatu zuen, eta hor lidergoa Quintanarekin partekatu behar izan du.