Itxi

Txirrindularitza

EuroEyes Cyclassics Hamburg

Vivianik irabazi du Hanburgoko esprintean, bigarrenez jarraian

Agentziak | Erredakzioa

Italiarrak amaiera bikaina eman dio Quick-Step Floorsek tropelean egindako lanari. Demarek eta Kristoffek osatu dute podiuma.

  • Elia Viviani / Artxiboko irudia: EFE.

    Elia Viviani / Artxiboko irudia: EFE.

Elia Vivianik (Quick-Step Floors) bukaera bikaina eman dio bere taldeak Hanburgoko klasikoan egindako lan onari. 216,4 kilometroko ibilbidea duen proba esprinterrek irabazi ohi dute, normalean.

Viviani bi aldiz jarraian irabazi duen bigarren txirrindularia bilakatu da, 2009. eta 2010. urteetan Tyler Farrarrek gauza bera egin zuenetik beste inork ez baitu horrelakorik lortu.

Arnaud Demare (Groupama-FDJ) eta Alexander Kristoff (UAE-Team Emirates) izan dira hurrengoak.

Peter Saganek (Bora-Hansgrohe) indarrak berritu nahi zituen, Frantziako Tourrean erori eta Glasgowko Europako Txapelketetan erretiratu ostean. Espainiako Vuelta begiz jota dauka, eta aurreko taldean egon da, baina ez da esprintean sartu.

27 graduko tenperatura eta % 50eko hezetasuna egon dira lasterketan zehar. Zailtasun bakarra 700 metroko igoera bat izan da, Waseberg. Hiru aldiz egin behar izan dute 18 kilometroko zirkuitua, 160 kilometro ordekan egin ondoren. Azken igoera helmugatik 15 kilometrora egon da.

Eguneko ihesaldia bost gizonek osatu dute, Winner Anacona (Movistar) eta Ivan Garcia Cortina (Bahrain Merida) tartean. 18 kilometro falta zirenean harrapatu dituzte, eta esprinterren taldeak nagusitu dira hortik aurrera.

Wasebergeko azken igoeran, bederatzi gizoneko talde bat osatu da, baina Quick-Step Floors eta Bora-Hansgrohe taldeen lanak behera bota du azken saiakera hori, eta esprintean erabaki da azkenean irabazlea.

HANBURGOKO KLASIKOAREN SAILKAPENA