Itxi

Txirrindularitza

Paris-Niza (5. etapa)

Simon Yates nagusitu da erlojupekoan eta Kwiatkowskik lidergoa sendotu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txirindulari britainiarrak 7 segundoko aldea atera dio bigarren sailkatu den Nils Politt (Katusha) alemaniarrari, 11koa Kwiatkowski liderrari.

  • Simon Yates, ahalegin betean.

    Simon Yates, ahalegin betean. Argazkia: EFE

Simon Yates (Mitchelton-Scott) txirrindulariak irabazi du ostegun honetan Paris-Nizako bosgarren etapa. 25,5 kilometroko erlojupekoa izan da, Barbentane hasi eta amaitu dena. Modu horretan, orain arte lasterketan emandako itxura eskasa hobetu du britainiarrak. Bere aldetik, Michal Kwiatkowski (Team Sky) poloniarrak sendotu egin du lehen postua, zabaldu egin baitu Egan Bernal taldekidearekiko abantaila.

Yatesek 7 segundoko aldea atera dio bigarren sailkatu den Nils Politt (Katusha) alemaniarrari; 11koa, Kwiatkowski liderrari; eta 15ekoa, laugarren izan den Tejay Van Garderen (Education First) estatubatuarrari. Felipe Martinez (Education First) eta Egan Bernal (Sky) kolonbiarrek ere Van Garderenen denbora bera behar izan dute ibilbidea osatzeko.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Sky taldeari oso aldeko jarri zaizkio gauzak, Kwiatkowski eta Bernal baitaude denen buru; gainera, erakustaldiak ematen ari dira lautadan, haize-babesetan zein erlojuaren aurka.

Poloniarrak 19 segundoko aldea ateratzen dio Bernali, baina 22 urteko kolonbiar gaztea da lasterketa irabazteko faborito nagusia; izan ere, asteburuko ibilbideak mesede egiten die bere ezaugarriei, batez ere larunbatekoak, sekula igo gabeko Turini mendateari egin beharko baitiote aurre.

Ostiral honetan korrituko den seigarren etapak Peynier eta Brignoles lotuko ditu, 176,5 kilometro ibilbide gorabeheratsua bete eta gero. Ihesaldia bilatu nahi duten txirrindulariek aukera ona izango dute euren saiakera aurrera ateratzeko.