Itxi

Txirrindularitza

Paris-Niza, azken etapa

Ion Izagirrek irabazi du azken etapa; eta Egan Bernalek, sailkapen nagusia

Agentziak | Erredakzioa

Astanako gipuzkoarra bakar-bakarrik iritsi da helmugara. 18 segundo atera dizkio Oliver Naesen belgikarrari eta beste bost txirrindulariri.

1:25
Ion Izagirre

Ion Izagirrek irabazi du Paris-Nizako azken etapa, azken kilometroetan erasoa jota. Sailkapen nagusiari dagokionez, Egan Bernal kolonbiarrak eraman du garaipena, azken etapa horretan Nairo Quintana herrikideak egindako erasoei eutsi ostean.

Helmugarako 10 kilometroren faltan Izagirrek erasoa jo du eta helmugara bera bakarrik iristea lortu du, atzetik zetorren seikote bati 18 segundoko aldea aterata. Oliver Naesen izan da bigarren Nairo Quintana zetorren talde horri denbora emanez.

Aurretik, eta sailkapen nagusiko lehian, Nairo Quintanak erasoa jo du helmugarako 47 kilometroren faltan, aurretik Van Garderen eta El Fares zihoazenean.

Ondoren, Quintanarekin bat egin dute Lopezek, Izagirrek, Sanchezek, Yatesek, Van Garderenek, Martinezek, Pozzovivok, Groschartnerrrek, Naesenek eta Keldermanek. Talde honek 50 segundoko aldea lortu du Bernal liderra zihoan tropelarekiko. Momentu horretan, Quintana zen sailkapen nagusiko liderra.

Helmugarako 13 kilometrora, Van Garderenek eta Izagirrek eraso egin dute, baina euskaldunak denbora gutxian atzean utzi du estatubatuarra. 20 segundo aldea zuen Quintanaren taldearekin eta 55 Bernal liderraren talde nagusiarekin.

Bernal, 26 segundora

Izagirrek ondo eutsi dio aldeari helmugara bera bakarrik iristeko. Quintanak, dagoeneko, ez zuen aukerarik lidergoagatik lehiatzeko. Egan Bernal Izagirre baino 26 segundo geroago sartu da helmugan, eta lau bakarrik galdu ditu Quintanarekin.

Horrela, Ion Izagirrek bere ibilbide profesionaleko hamaikagarren garaipena lortu du, eta 2019ko bigarrena, Valentziako Itzulian beste bat lortu ostean.