Txirrindularitza
Paris-Niza, 6. etapa
Sam Bennettek bigarren garaipena lortu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaud Demare (Groupama-FDJ) frantziarra eta Matteo Trentin (Mitchelton-Scott) italiarra azpiratu ditu helmugan. Kwiatkowski poloniarrak lider jarraitzen du.
-
Sam Bennett bere garaipena ospatzen. Arazkia: EFE
Sam Bennett (Bora Hansgrohe) irlandarrak aurtengo Paris-Nizako bigarren garaipena lortu du ostiral honetan, bera gailendu baita Peynier eta Brignoles (176,5 km) artean jokatu den seigarren etapako esprintean.
Hirugarren etapan egin zuen legez, Bennet tropel nagusiko txirrindulari azkarrena izan da. Bere atzetik sartu dira Arnaud Demare (Groupama-FDJ) frantziarra eta Matteo Trentin (Mitchelton-Scott) italiarra.
Berrogei txirrindulari bakarrik lehiatu dute esprinta, lasterketako azken zatian egon den ibilbidea gorabeheratsua eta erorikoak tarteko.
Hirugarren egunez jarraian, Michal Kwiatkowski (Sky) poloniarra sailkapeneko buruan dago. Liderrak 18 segundoko aldea ateratzen dio Egan Bernal bere taldekide kolonbiarrari eta 22, Luis Leon Sanchezi (Astana).
Kwiatkowskik egun erreza izango zuela espero zuen, asteburuan korrituko diren goi mendiko etapen bezperan. Haatik, zeharkako haizeei aurka eta Astanaren oldarraldiei egin behar izan die aurre. Izan ere, Kazakhstango taldea gogor borrokatu da Luis Leon Sanchez gain-sarien esprintetan sar zedin. Azkenean, poloniarrak segundo bat galdu du espainiarren aurrean.
Larunbat honetan etapa nagusia lehiatuko dute txirrindulariek, lasterketako azkenaurrekoa. Nizan atera eta Turini mendatean amaituko da, 181,5 kilometroko ibilbide bete ostean.