Itxi

Txirrindularitza

Paris-Niza (4. etapa)

Kragh Andersenek irabazi du erlojupekoa; Schachmannek lidergoa sendotu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sunweb taldeko danimarkarrak sei segundoko aldea atera dio liderrari.

  • Soren Kragh Andersen, ahalegin betean.

    Soren Kragh Andersen, ahalegin betean. Argazkia: EFE

Soren Kragh Andersen (Team Sunweb) danimarkarrak Paris-Nizako laugarren etapa irabazi du asteazken honetan, Saint-Armand-Montrond herrian korritu den 15,1 kilometroko erlojupekoa. Etapan bigarren egin duen Maximilian Schachmann (Bora-Hansgrohe) liderrak sendotu egin du lidergoa.

Gaurko garaipena Kragh Andersenek (25 urte) erlojupeko batean eskuratzen duen lehendabizikoa da, nahiz eta espezialista izan diziplina horretan. Sunweb taldeko txirrindulariak Schachmann gainditu du, nahiz eta tarteko pasaeran alemaniarrak zeukan denborarik onena, 7 segundoko tartearekin.

Aitzitik, daniarrak 19 minututik beherako denbora ezarri du helmugan, eta 6 segundo atera dizkio liderrari. Ondoren, honako txirrindulari hauek sailkatu dira irabazlearen atzetik: Kasper Asgreen (Deceuninck-Quick Step), 12 segundora; Thomas De Gendt (Lotto Soudal), 13ra eta Pello Bilbao bizkaitarra (Bahrain-McLaren), 15era.

Ondorioz, une honetan, Schachmannek 58 segundoko aldea du sailkapen nagusian bigarren postura igo den Kragh Andersenekiko, eta 1:01ekoa Felix Grosschartner taldekidearekiko (Bora-Hansgrohe).

Ostegun honi begira, bosgarren etapa ihesaldi baterako edo esprinterako agertoki egokia izan daiteke. Gannat eta La Cote-Saint Andre herriak lortuko ditu (227 kilometro) ibilbide nahiko laua beteta.