Itxi

Txirrindularitza

Esprintean

Mikel Landa, hirugarren Italiako Industria & Artigianato Sari Nagusian

A. A. | EITB MEDIA

Lasterketa lau txirrindulariren arteko esprintean erabaki da, eta Wim Vansevenant (Deceuninck) belgikarra nagusitu da bertan. Nairo Quintana kolonbiarra laugarren izan da.

  • Mikel Landa.

    Mikel Landa. Artxiboko argazkia: EFE

Mauri Vansevenant (21 urte) belgikarrak (Deceuninck - Quick Step) bere indarra eta gaztetasuna ezarri ditu Industria & Artigianato Sari Nagusiko 43. ekitaldia bereganatzeko. Mikel Landa arabarra hirugarren izan da, irabazlearen denbora berarekin.

Landak denboraldiko lehen aste ona bete du Italian: seigarren postua lortu zuen asteazkenean, Laigueglia Trofeoan, eta hirugarrena gaur, Industria Sarian, biak ala biak Mollema eta Vansevenantekin batera.

Larcianon, Vansevenant, behin betiko ihesaldian tropeleko onenekin ibiltzeaz gain, Bauke Mollema (Trek), Mikel Landa (Bahrain Victorious) eta Nairo Quintana (Arkea Samsic) gainditu ditu erabakigarrian.

Bigarren multzoan, 10 segundo pasatxora, Carlos Rodriguez espainiarra, Ineos taldeko 20 urteko granadarra, eta Alejandro Valverde 40 urteko beteranoa sartu dira.

Mauri Vansevenant, Wim Vansevenant txirrindulari profesional ohiaren semea (Frantziako Tourraren hiru ediziotan jarraian azkena iristeagatik ospetsua izan zena), Deceunincken etorkizuneko fitxaketetako bat izan da, eta bere izena Melcior Mauriri zor dio, bere aitak horrenbeste miresten zuena.

Lasterketako ibilbideak bi zirkuitu zituen: lehena, laua; bigarrena, San Barontoko gainetik 4 aldiz igarotzen zena. Lehendabiziko igoeran, Mikel Landa, Nibali, Visconti eta Mohoricek saiakera txiki bat egin dute, baina tropelak berehala harrapatu ditu.

Nibalik beste ihesaldi bat bultzatu du hirugarren pasaldian, helmugatik 36 kilometrora, Ciccone, Dunbar, Devenyns eta Santiago Buitrago kolonbiarrarekin batera. Mesinako marrazoa datorren larunbateko Milan San Remorako hortzak zorrozten ari dela dirudi.

Behin betiko igoeran, Quintanak jo du aurrera, eta Vansevenant haren ondotik abiatu da. Landak eta Mollemak ere erreakzionatu dute, eta Laigueglia lasterketako protagonista multzo bera eratu da.

Lau txirrindularien erasoak egon dira garaipenaren bila, baina bakar batek ere ez du behar adina tarte lortu du. Beraz, azkenerako, lauen arteko esprint murriztua egon da, eta bertan Namurgo belgikarra nagusitu da.