Itxi

Txirrindularitza

Burgosko Itzulia (5. etapa)

Sivakovek irabazi du Burgosko Itzulia; Almeida, nagusi Neilan

A. B. E. | EITB Media

Joao Almeidak garaipena bereganatu du Neilako aintziretan amaitu den etapan. Pavel Sivakov hirugarren izan da eta Burgosko Itzulia bereganatu du.

  • Pavel Sivakov

    Pavel Sivakov, 2022ko Burgosko Itzuliko irabazlea. Argazkia: EFE

Pavel Sivakovek (Ineos Grenadiers) irabazi du 2022ko Burgosko Itzulia larunbat honetan (abuztuak 6) jokatu den bosgarren eta azken etapa hirugarren amaituta. Etapa garaipena Joao Almeidarentzat (UAE Emirates) izan da.

Bosgarren etapa Lerman hasi eta Neilan bukatu da. Txirrindulariek 170 kilometroko ibilbideari egin diote aurre. Joao Almeida eta Miguel Angel Lopez (Astana) Sivakov liderrarekiko metro batzuetako abantailarekin iritsi dira azken igoeraren amaierara, eta amaieran Almeida izan da nagusi. Sivakov hirugarren helmugaratu da zazpi segundora eta itzulia bereganatu du.

Carlos Canal (Euskaltel Euskadi), Marco Frigo (Israel Premier Tech) eta Jetse Bol (Burgos BH) izan dira eguneko ihesaldiko protagonistak. Helmugarako 20 kilometro falta zirenean ia bi minutuko abantaila izan dute tropelarekiko. Canalek ihesaldiko kideak atzean uzteko saiakera egin du; ondoren, ordea, Frigo izan da aurrera egin duena.

Neiako igoerako lehen kilometroetan tropelak behera bota du Frigoren ihesaldia, eta hortxe amaitu da Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariaren abentura. Geroago Chris Harperrek (Jumbo Visma) jo du erasoa, abantaila txikia hartu du, baina ez da nahikoa izan aurrera egiteko. Amaierarako 2,5 kilometro falta zirenean 'Superman' Lopezek erritmoa bizitu eta tropela txikitu du. Kolonbiarraren erasoari erantzun diote Almeidak, Sivakovek eta Carlos Rodriguezek (Ineos Grenadiers), eta laurak lasterketa buruan jarri dira. Etapa amaitzeko kilometro bat baino gutxiago falta zenean, bazirudien Almeidak ez zuela laukotean jarraitzeko indarrik, baina atzetik etorri, erasoa jo, eta etapa irabaztea lortu du. Sivakov hirugarren postuan helmugaratu da, zazpi segundora, eta nahikoa izan du lasterketa irabazteko.

Pavel Sivakovekin batera, podiuma osatu dute Joao Almeidak (bigarren) eta Miguel Angel Lopezek (hirugarren).

5. etapako sailkapena:

1 - ALMEIDA João (UAE Emirates) 4:06:19

2 - LOPEZ Miguel Ángel (Astana) d. b,

3 - SIVAKOV Pavel (INEOS) +0:07

4 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) +0:15

5 - VAN WILDER Ilan (Quick-Step) +0:21

6 - GUERREIRO Ruben (EF Education) +0:28

7 - HINDLEY Jai (BORA) +0:33

8 - ELISSONDE Kenny (Trek) +0:43

9 - CARTHY Hugh (EF Education) +0:48

10 - KELDERMAN Wilco (BORA) d. b,

Sailkapen nagusia:

1 - SIVAKOV Pavel (INEOS) 19:00:23

2 - ALMEIDA João (UAE Emirates) +0:35

3 - LOPEZ Miguel Ángel (Astana) d. b,

4 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) +0:41

5 - VAN WILDER Ilan (Quick-Step) +0:42

6 - GUERREIRO Ruben (EF Education) +0:47

7 - HINDLEY Jai (BORA) +0:52

8 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) +1:06

9 - KELDERMAN Wilco (BORA) +1:09

10 - ELISSONDE Kenny (Trek) +1:18