Itxi

Txirrindularitza

Fitxaketa

Cofidisek Gorka Izagirre fitxatu du datorren denboraldirako

EITB Media

Ormaiztegiko txirrindulariak urtebeteko kontratua sinatu du Frantziako taldearekin. Movistar utziko du 2023a amaituta eta Ion bere anaiaren taldekidea izango da 2024an.

  • Gorka Izagirre

    Gorka Izagirre. Argazkia: EITB Media

Cofidisek Gorka Izagirre fitxatu du 2024 denboraldirako, Frantziako taldeak ostiral honetan, irailaren 22an, komunikatu baten bidez jakinarazi duenez. Ormaiztegiko (Gipuzkoa) txirrindulariak Movistar utziko du urte amaieran, eta Ion anaiaren taldekidea izango da 2024an.

Gorkak 35 urte ditu, eta esperientzia gehituko dio taldeari. UCI Wrld Tourreko bosgarren taldea izango da gipuzkoarrarentzat, aurretik beste hauetan ibili baita: Euskatel-Euskadi (2010-2013), Movistar (2014-2017, 2022-2023), Bahrain Merida (2018) eta Astana (2019-2021). Gainera, 19 aldiz parte hartu du hiru itzuli handietan (10 aldiz korritu du Frantziako Tourra), eta beste horrenbestetan (19) proba klasikoetan.

Urtebeteko kontratua sinatu ostean, honakoa adierazi du Gorka Izagirrek: "Oso pozik nago erronka honen aurrean. Taldeko ordezkariekin izan ostean eduki nuen sentsazioa oso ona izan zen. Herrialde, hizkuntza zein talde berrira egokitu beharko naiz, eta espero dut maila ematea. Ionek gauza onak bakarrik esan dizkit taldeari buruz. Niretzat plazera da berriz berarekin egotea. Ondo ezagutzen ditut Cofidisen dauden txirrindulari espainiarrak, eta baita taldeko langile asko ere. Nire helburua izango da taldeburuei laguntzea, haiek ahalik eta garaipen gehien lor ditzaten".