Itxi

Txirrindularitza

Itzulia

Jay Vine, Evenepoel eta Vingegaardek hainbat haustura dituzte Itzuliko erorikoaren ondorioz

Agentziak | EITB MEDIA

UAE taldeko txirrindulari australiarrak haustura zerbikala du eta bi orno ditu hautsita; belgikarrak eta danimarkarrak, berriz, klabikula hautsita dute.

  • Jay Vine 2024ko Itzuliko 1. etapan. Argazkia: EITB

    Jay Vine 2024ko Itzuliko 1. etapan. Argazkia: EITB

Jonas Vingegaard (Visma Lease a Bike) txirrindulari danimarkarrak, bi aldiz Frantziako Tourra eta 2023ko Itzulia irabazi dituenak, "klabikula eta hainbat saihets hautsi" ditu, helmugatik 34 kilometrora izandako erorikoaren ondorioz.

"Istripu desatsegina izan da, baina zorionez egonkor eta kontziente dago. Ospitaleko azterketen arabera, klabikula eta hainbat saihets-hezur hautsita ditu. Ospitalean jarraitzen du, badaezpada. Eskerrik asko mezu guztiengatik", adierazi du bere taldeak ohar batean.

Vingegaard Olaetako mendatearen jaitsieran erori da, Legutioko helmugatik 34 kilometrora, dozena bat txirrindulariri eragin dien ezbehar batean, tartean Primoz Roglic lider esloveniarra eta Remco Evenepoel belgikarra; azken bi horiek lasterketako faboritoak ziren.

Minutu batzuk lurrean etzanda eman ondoren, Vingegaard Gasteizko Txagorritxu ospitalera eraman dute anbulantzian, eta han egin dizkiote lesioak detektatu dizkioten probak.

Evenepoel belgikarra ere ospitalera eraman dute azterketa mediko bat egiteko, eta eskuineko klabikulan eta eskuineko eskapulan haustura bana izan duela baieztatu dute. Horregatik guztiagatik, kirolaria Belgikara joango da ostiralean, eta bertan ebakuntza eta azterketa zehatzagoa egingo dizkiote, Herentalseko ospitalean.

Bestalde, Jay Vine australiarrak (UAE) haustura zerbikala eta bi haustura ditu bizkarrezur torazikoan. Zorionez, ez du kalte neurologikorik eta ez dago beste lesio garrantzitsurik, ezta traumatismo kraneoentzefalikorik ere, gertuko iturriek jakitera eman dutenez. Hala ere, ospitalean egongo da, behaketa neurologikoa egiteko.