Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

Itzulia

Vingegaardek pneumotoraxa eta Quinnek garuneko kommozioa ere badute Itzuliaren erorikoaren ondorioz

EITB MEDIA

Danimarkarrak biriketako kontusioa, klabikula eta hainbat saihets hautsita ditu. Egonkor jarraitzen du, baina ospitalean jarraituko du. Estatubatuarrak, halaber, bularrezurrean haustura, urradurak eta hematomak ditu.

  • Jonas Vingegaard, 2023ko Tourrean. Argazkia: EFE

    Jonas Vingegaard, 2023ko Tourrean. Argazkia: EFE

Atzoko erorikoaren ondorioz, Jonas Vingegaard (Visma Lease a Bike) txirrindulari danimarkarrak (Frantziako Tourra birritan eta 2023ko Itzulia irabazi ditu) biriketako kolpea eta pneumotoraxa ditu, baita klabikula eta hainbat saihets-hezur hautsita ere.

Visma taldeak ostiral honetan adierazi duenez, txirrindulariari egin zizkioten azterketa zehatzenek agerian utzi zituzten biriketako arazoak, hasieran agertutakoez gain.

Bihurgune itxi batean izandako eroriko itsusi baten ondorioz, txirrindulari batzuk zangaren barruan erori ziren, tartean ordurako probako liderra zen Primoz Roglic (BORA-hansgrohe) eta Jay Vine (UAE Team Emirates), kalte neurologikoak baztertzeko eraman zutena erietxera; eta Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step), Natnael Tesfatsion (Lidl-Trek) eta Sean Quinn (Education First-EasyPost) basoan erori ziren. Azken hori ere ospitalera eraman zuten, anbulantzian.

Quinnen taldeak, Education Firstek, parte medikoa zabaldu du bart, korrikalari estatubatuarrak "garuneko kommozioa, bularrezurreko haustura, urradurak eta hematomak" dituela jakinarazteko. Hori dela eta, taldeak garuneko kommozio kasuetarako protokoloa aktibatu du, eta medikuek hura ikuskatzen jarraituko dute.