Itxi

2. etapa: Gasteiz-Donostia

2. etapa: Gasteiz-Donostia

2. etapa: Gasteiz-Donostia

Uztailak 2, igandea

Frantziako Tourraren 2. etaparen profila eta ibilbidea: Gasteiz-Donostia (208,9 km)

EITB MEDIA

2023ko Frantziako Tourraren bigarren etapa Arabako hiriburutik irtengo da, eta Gipuzkoakoan amaitu. Txirrindulariek bost mendate igo beharko dituzte; azkena, Jaizkibel, 2. mailakoa, helmugatik 16,5 kilometrora dago, eta baliteke etapan gakoa izatea.

  • 2023ko Tourreko 2. etaparen profila. Argazkia: ©A.S.O.

    2023ko Tourreko 2. etaparen profila. Argazkia: ©A.S.O.

2023ko Frantziako Tourraren bigarren etapa uztailaren 2an jokatuko dute, igandez, eta Gasteiztik irtengo da, 12:25ean, eta Donostian amaitu, 17:04 eta 17:31 bitartean, antolatzaileen aurreikuspenen arabera. 208,9 kilometroko ibilbidea du, eta txirrindulariek mendiko mailloterako puntuagarriak diren bost mendate igo beharko dituzte; horietako azkena, Jaizkibel, gogorrena, 2. mailakoa, baliteke gakoa izatea, Donostiako helmugatik soilik 16,5 kilometrora baitago.

Aurtengo Tourraren etaparik luzeena izango da; klasiko baten antza du, eta emozioa bermatuta dago. Hasiera azkarra izango da; lehen kilometroetan ez da zailtasun handirik izango, eta baliteke ihesaldia sortzea. Gerora, baina, igoerak eta jaitsierak etengabekoak dira, eta hori nabarituko dute txirrindulariek; azken zatia, ordea, gogorra da, eta sailkapen nagusiko gizonak agertuko dira orduan.

Jardunaldia, hortaz, Gasteizen hasiko da. Bertan, aurreko egunean aurtengo Tourraren lehenengo maillot horia bereganatu duenak estreinatu egingo du. Tropela, Gasteiz utzita, Burgura abiatuko da, eta Dulantzin egongo da jarraian, Barrundian eta Arratzua-Ubarrundian ibili aurretik; hori dena, lasterketa Legutiora heldu baino lehen. Legution, 40,6. kilometroan, lehia izango da, Tourrak bertan kokatu baitu esprint berezia.

Aramaio igarota, lasterketa Gipuzkoan sartuko da, eta Arrasaten eta Oñatin hartuko dituzte txirrindulariak. Udana igotzeko garaia helduko zaie, orduan; 3. mailakoa da, eta etaparen 81,3. kilometroan aurkituko dute. Handik gutxira, 87,6. kilometroan, eguneko bigarren mendatea izango dute: Aztiria, 4. mailakoa. Parte-hartzaileek Legazpi igaro eta gero igoko dute.

Tourrak herri hauek harrapatuko ditu ondoren: Mutiloa, Zerain, Segura eta Idiazabal. Beasain, Ordizia, Zaldibia, Abaltzisketa, Amezketa, Alegia eta Altzo helduko dira jarraian, Tolosara iritsi aurretik. Anoeta eta Alkiza zeharkatuta, 140,9. kilometroan, Alkiza mendatea aurkituko dute, 3. mailakoa.

Asteasu, Zizurkil, Aduna, Andoain eta Urnieta igaroko dituzte gero ziklistek, proba Hernani eta Astigarraga harrapatu aurretik. 174,2. kilometroan, Gurutze izango da, 4. mailakoa, eta hori jaitsi ostean, Oiartzunen, Irunen eta Hondarribian izango dira txirrindularien zain, etapako azken 20 kilometroetan.

Jaizkibel, 2. mailakoa, igo beharko dute ondoren: zortzi kilometroko igoera, eta, batez beste, % 5,4 maldak ditu. Tradizio handia du Euskal Herriko txirrindularitzan, hainbat aldiz igo baitute ziklistek gurean egindako lasterketa ospetsuenetan, eta etaparen azken emaitzan gakoa izan daiteke, bertatik helmugara 16,5 kilometro geratuko zaizkielako ziklistei.

Lezo, Errenteria eta Pasaia igaroko ditu tropelak azken zatian, Donostian sartu aurretik. Gipuzkoako hiriburuan argituko da nork bereganatzen duen aurtengo Tourraren bigarren etapa, eta, hortaz, zein txirrindularik hartzen duen Miguel Indurainek eta Dominique Arnouldek 1992an eskuratutako emaitza; izan ere, azken bi horiek gailendu ziren duela 31 urte, Donostian, Tourra bertan izan zen azken aldian. Alex Zulle irten zen lider bertatik.

EITBk osorik eta zuzenean emango du etapa. 12:05ean hasiko da emanaldia eitb.eus-en eta ETB1en; 14:00etatik 15:00etara bitartean, baina, telebistako emanaldia ETB1era pasako da, eta 15:00etan, aldiz, ETB1era itzuliko da, jardunaldia amaitu arte.

Ikusi 1. etaparen profila | Ikusi 3. etaparen profila

ETAPAREN PROFILA

2023ko Frantziako Tourraren 2. etaparen profila. Argazkia: ©A.S.O

2023ko Frantziako Tourraren 2. etaparen profila. Argazkia: ©A.S.O.

------------------------------------------

ETAPAREN MAPA

2023ko Frantziako Tourraren 2. etaparen ibilbidea. Argazkia: ©GEOATLAS

2023ko Frantziako Tourraren 2. etaparen ibilbidea. Argazkia: ©GEOATLAS

------------------------------------------

JAIZKIBEL

Jaizkibelerako igoera, 2023ko Frantziako Tourraren 2. etapan. Argazkia: ©A.S.O.

Jaizkibelerako igoera, 2023ko Frantziako Tourraren 2. etapan. Argazkia: ©A.S.O

FITXA TEKNIKOA:

Etapa: 2. etapa (uztailak 2, igandea)

Ibilbidea: Gasteiz-Donostia

Distantzia: 208,9 km

Irteera ordua: 12:25

Iritsiera ordua: 17:04 (42 km/h) | 17:16 (40 km/h) | 17:31 (38 km/h)

Mendiko saria: Udana (3. maila), 81,3. kilometroan; Aztiria (4. maila), 87,6. kilometroan; Alkiza (3. maila), 140,9. kilometroan; Gurutze (4. maila), 174,2. kilometroan; Jaizkibel (2. maila), 192,4. kilometroan