Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

Grand Depart Pays Basque 2023

Frantziako Tourra hasteko 100 eguneko atzerako kontaketa, gaur abian

EITB MEDIA

Frantziako Tourraren zuzendari nagusi Christian Prudhommek parte hartuko du, Bilbon, Tourra hasteko 100 egun geratzen direla erakutsiko duen erlojua aktibatzeko ekitaldian. Halaber, ostiralera bitartean, hainbat jarduera egingo dituzte Gasteizen eta Donostian ere.

  • Frantziako Tourra Euskal Herritik irtengo da aurten. Argazkia: Grand Départ Pays Basque.

    Frantziako Tourra Euskal Herritik irtengo da aurten. Argazkia: Grand Départ Pays Basque.

2023ko Frantziako Tourra abiatzeko 100 egun falta direnean, horren atzerako kontaketa egingo duen erlojua gaur, martxoaren 22an, aktibatuko dute Bilbon, 19:30ean, Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar baten bidez jakitera eman duenez. Frantziako Tourraren zuzendari nagusi Christian Prudhomme eta hainbat ordezkari instituzional bilduko dira bertan. Halaber, ostiralera bitartean, hainbat jarduera egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. Aurtengo Tourra Euskal Herrian abiatuko da, eta lehen hiru etapak Bilbo – Bilbo, Gasteiz – Donostia eta Zornotza – Baiona izango dira.

Testuinguru horretan, Jaurlaritzak adierazi duenez, Christian Prudhommek, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Bingen Zupiria Kultura sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak sakatuko dute, Ernesto Erkoreka plazan, Bilboko udaletxearen aurrean, 100 eguneko atzerako kontaketa erakutsiko duen erlojua aktibatzeko botoi erraldoia. Ondorengo minutuetan, Bilboko zenbait eraikin, tartean udaletxea eta foru jauregia, horiz argiztatuko dituzte, alegia, Frantziako Tourreko sailkapeneko burua bereizten duen kolorearekin, eta lasterketako zuzendariak eta erakundeen ordezkariek ibilbidea egingo dute hirian zehar, San Mames futbol zelairaino. Bertan, Athleticeko maillot bat emango diote Prudhommeri.

Donostian eta Gasteizen ere argituko dituzte zenbait eraikin esanguratsu; Gipuzkoako hiriburuan, herritarrek udaletxea, Kursaal eta Tabakalera ikusiko dute horiztatuta, eta Arabakoan, ordea, besteak beste, udaletxea, foru jauregia, Florida parkeko kioskoa eta Andre Maria Zuriaren plaza.

Bihar, hilaren 23an, Legarda Ikastetxean (Mungia) eta Bilboko Lycee Français zentroan, "La Dictee du Tour" izenekoa egingo dute. Jaurlaritzak zehaztu duenez, ekitaldi hori "ikastetxeetan egiten da, eta Frantziako Tourrarekin eta haren ondarearekin lotutako testu bat diktatzean datza, adingabeen artean Frantziako lasterketaren ospea helarazteko eta sustatzeko, eta, bide batez, ingurumenarekiko errespetua ere sustatzeko. Jokin Bildarratz sailburua eta Eneritz Iturriaga txirrindulari ohia izango dira ikastetxe horretan.

Arratsaldean, Christian Prudhomme buru duen taldea Gasteizera joango da, bertan Tourrarekin eta txirrindularitzarekin lotutako zenbait ekitaldi egingo baitituzte, Andre Maria Zuriaren plazan, 17:00etatik aurrera; 19:00etan, Frantziako lasterketari ongietorria emateko ekitaldi ofiziala izango da, eta Tourreko zuzendari nagusiak, Gorka Urtaran alkateak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak parte hartuko dute.

Ostiralean, hilaren 24an, Donostian, maillot erraldoia erakutsiko dute udaletxean, eta Boulevardeko turismo bulegoan Tourraren garaikurra jarriko dute ikusgai. Apirilaren 23ra arte izango da garaikurra Donostian, eta bertan bisitatu ahalko dute herritarrek; egun horretan, baina, Gasteizera eramango dute. Eneko Goia alkateak eta Markel Olano ahaldun nagusiak Christian Prudhommerekin batera hartuko dute parte ekitaldietan.

Iganderako (martxoak 26), zenbait ekitaldi prestatu dituzte Bilbon, ia guztiak Itsasmuseumen aurrean.