Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

ERAKUSKETA

Euskal txirrindularitzako eta Frantziako Tourreko maillot adierazgarrienak egongo dira ikusgai Euskadin

EITB MEDIA

Erakusketa Bilbon, Gasteizen eta Zornotzan egongo da ikusgai, eta bi parte izango ditu: batean, euskal txirrindulari eta taldeen zein Itzuliko maillotak erakutsiko dira, eta, bestean, Frantziako Tourreko sari nagusietako elastikoak.

  • Miguel Indurainen eta Bernard Hinaulten maillot klasikoak

    Miguel Indurainen eta Bernard Hinaulten maillot klasikoak

2023ko Frantziako Tourra uztailaren 1ean hasiko da, Bilbon, eta lehen hiru etapak Euskal Herrian jokatuko dira. Lehen etapa Bilbon hasi eta amaituko da, bigarrena Gasteiztik abiatu eta Donostian izango du helmuga eta hirugarrena Zornotzatik irtengo da Baionan bukatzeko.

Hori dela eta, Bilbok, Gasteizek eta Zornotzak euskal txirrindularitzako eta Frantziako Tourreko maillot adierazgarrienen erakusketa hartuko dute. Adrian Jimenez Rubioren bildumak txirrindularitzako zaleei, eta, oro har, herritarrei kirol honen historiaz gozatzeko aukera emango die, ekipazio bereziak ikusgai jarrita. 

Erakusketak bi parte izango ditu. Alde batetik, euskal txirrindulari eta taldeen eta Itzuliko maillotak (erlojupekoetarako jantziak barne) ikusi ahalko dira, eta, bestetik, Frantziako Tourreko sari nagusietako elastikoak (maillot horiak, berdeak, motadunak eta zuriak) egongo dira ikusgai, proba honetan parte hartu duten zenbait talderen edizio bereziekin batera. Gainera, Santinik (Tourraren babesle ofiziala) aurtengo edizioko zortzi maillot ofizial utziko ditu, sari bakoitzeko bi.

Horrela, ekainaren 1etik 15era bitartean, Tourreko arropak Bilboko Zabalgune eraikinean egongo dira ikusgai, eta Euskadiko hiriburuan, aldiz, euskal txirrindularitzarekin lotutako gainerakoak. Ondoren, bi hiriburuen arteko trukea egingo da; ekainaren 16tik 25era bitartean, Bilbon erakutsiko dira euskal txirrindularitzarekin lotutakoak, eta Gasteizen, Tourrekoak, ekainaren 16tik 29ra arte. Erakusketa osoa Zornotzan egongo da ikusgai ekainaren 30a eta uztailaren 8a bitartean, Zelaieta zentroan.

Bilduma ikusgarria

Taldeen (KAS, Euskaltel Euskadi, SKY, Movistar, Astana, Quick Step…) eta gaur egungo txirrindulari ezagunen (Mikel Landa, Omar Fraile, Pello Bilbao, Izagirre anaiak, Gonzalez de Galdeano, Joseba Beloki, Abraham Olano, Mikel Nieve, Haimar Zubeldia, Juanma Garate, Bingen Fernandez, Julian Gorospe…) elastikoez gain, bitxiak ere ikusi ahalko dira, hala nola Igor Astarloak Cofidis taldearekin munduko txapelketa irabazi zueneko maillota, Javier Mauleonek Mapei GB 1996 mitikoan erabilitakoa eta Jon Unzagaren 'Italiako Giroa' bertsioa, Javier Otxoa zenaren 2000. urteko Kelme Halcon Viajes taldekoa, taldekideek sinatutakoa, 'Gemeaz Cusin Zor' Espainiako txapeldunarena, Jesús Ibañez Loyo arabarraren 'Italia' edizioa, Txomin Perurena eta Miguel Mari Lasa historikoen janzkiak eta abar. Itzuliko liderraren maillotak ere izango ditu ikusgai, Vingegaard, Roglic eta Alejandro Valverderenak, besteak beste.

Frantziako Tourreko onenak bereizten dituzten ekipazioei dagokienez, Tadej Pogacar, Chris Froome eta jada erretiroa hartuta duten Miguel Indurain, Bernard Hinault, Eddy Merckx, Alberto Contador, Carlos Sastre eta Luis Ocaña txirrindulari ohien maillot horiak erakutsiko ditu. Erregulartasuneko maillot berdeen artean, Peter Sagan, Erik Zabel eta Oscar Freirerenak egongo dira, baita mota gorridunak ere; Samuel Sanchez, Tony Rominger, Julian Alaphilippe eta mendiko saria zazpi aldiz irabazi duen Richard Virenque ziklistenak, esaterako. Azkenik, Frantziako lasterketako gazterik onena bereizten duten zurien artean, Egan Bernal, Nairo Quintana, Andy Schleck eta 45 urterekin oraindik jardunean dagoen Oscar Sevilla txirrindulariarenak erakutsiko ditu. Santini etxeko maillot ofizialak ere izango dira, 2023ko Grand Depart Pays Basque ediziokoak, hain zuzen.

Gainera, maillot bakoitzaren ondoan azalpen bat egongo da, txirrindularia identifikatu, ezagutu eta zein urtetan jantzi zuen zehazteko.