Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Tourrak 12 milioi euro baino gehiagoko kostua izango du, eta 4,8 milioi "Euskadin inbertituko dira"
Atzera kontaketa hasi dela eta, lasterketa ziklistaren kostuez eta antolaketa erronkez mintzatu dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailea. Aburtoren esanetan, inbertitutako euro bakoitzetik 8-10 irabaziko dituzte euskal erakundeek.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bart hasi da Frantziako Tourra Euskadira heltzeko atzera kontaketa, eta EAEko erakundeak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen ahotsean, txirrindularitza lasterketa ezagunak izango duen kostuaz eta antolaketa erronkez aritu dira biharamunean.
Biek ala biek Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskaini dioten elkarrizketa batean, Zupiriak argitu du Tourra 12 milioi euro baino gehiago kostatuko dela eta erdia lasterketa proba antolatzen duen enpresarentzat izango dela. Horrez gain, EAEko ogasunek 1,2 milioi euro eskuratuko dituzte BEZaren bidez eta "4,8 milioi euro Euskadin inbertituko dira, hori da asumitzen dugun gastua lasterketaren irteerak antolatzeko, kontratazioak egiteko...". Ildo beretik, Bilboko alkateak zehaztu du inbertitutako euro bakoitzeko 8-10 irabaziko dituztela EAEko erakundeek, 100-120 milioi euro.
Bien ustez, hitzordu garrantzitsua da. "Munduaren aurrean garen moduan agertzeko aukera paregabea da", Zupiriaren esanetan, eta ariketa fisikoaren garrantzia aldarrikatzeko beta ere ematen du. "Kontua ez da ekitaldi hau beste barik ekartzea, sozialki eta ekonomikoki errentagarria izan behar du, eta hau hala da". Halaber, Tourraren etorrerak ondorio bat utzi beharko lukeela uste du Aburtok, bizikletaren erabilera sustatzea.
Tourrak izan dezakeen eragin ekonomikoari dagokionez, Jaurlaritzako eledunak iragarri du ikerketa bat eskatu duela eta udazkenean ezagutaraziko dituela emaitzak.
Atzoko ekitaldian Elixabete Etxanobe EAJren Bizkaiko hautagaia egoteak hauteskunde kutsua ote duen galdetuta, Aburtok esan du ez dela "harritzen" duen zerbait. Zupiriak, bere aldetik, nabarmendu du beste alderdietako hautagaiak ere izan zirela ekitaldian.
Azkenik, beste gai batzuk hizpide hartuta, Zupiriak eta Aburtok ez dute iritzirik eman nahi izan De Miguelek eta Telleriak indultua eskatu izanaz. Bien ustez, Justizia Ministerioari dagokio erabaki bat hartzea.