Itxi

Artea

Bilera

Guggenheimek eta ATEAk animalien aurkako tratu txarra arbuiatzeko idatzia adostu dute

Agentziak | Erredakzioa

Museoak eta Animalien Tratu Etikoaren aldeko Elkarteak zentroko erakusketetan animalien sufrimendua eragozteko konpromisoa hitzartu dute, ezadostasunak gorabehera.

Guggenheim Bilbao Museoak eta ATEA Animalien Tratu Etikoaren aldeko Elkarteak idatzi bat adostu dute animalien aurkako tratu txarrak arbuiatzeko eta “museoak antolatutako erakusketetan animalien sufrimendua ekiditeko”. Gainera, animalien aldeko elkarteak azpimarratu du museoak animalien ongizatea bermatzeko egindako lana.

Idatziak dioenez, bi aldeek bi orduko bilera egin zuten “duela gutxi”, ATEAk eskatuta, eta, horretan, “bakoitzak norberaren argudioak eta ikuspuntuak azaldu zituen gizarteak eta bereziki arteak animalien erabileran ezarri behar dituen mugei buruz”.

Idatziak dioenez, “hartu-eman hauen zergatia Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia erakusketan dauden bi artelanen inguruan sortutako polemika izan zen, obra horietan bizirik dauden animaliak ikusgai baitaude”.

ATEAk bi artelanok kentzeko eskatu zion museoari, "baldintza horietan animaliak erabiltzeak tratu txarrak dakartzalako berez", eta Jardunbide Egokien Protokolo bat ezartzea eskatu zuen, idatzi horretan museoan bizirik dauden animaliak erakustea galarazteko.

“Eskaera horren harira, Museoak begirune osoz entzun zuen ATEAren iritzia”, baina ez da bat etorri, “kasu honetan bereziki zaindu baitira izaki bizidunei kaltea ekiditeko neurriak”.

Guggenheimetik adierazi dutenez, museoak azaldu zuen hori guztia bermatzeko biologo eta albaitariek osatutako aditu-talde baten aholkularitza eta zerbitzuak dituela, eta egunero arduratzen direla narrasti eta intsektuen elikadura, garbiketa eta zaintzaz.

Oharrak dioenez, “ATEAk ez ditu ontzat ematen polemikan aipatzen diren bi artelanak, baina onartzen du animaliek ez dutela elkar jaten eta, inguruabarrak kontuan izanik ere, Museoak ahalegin berezia egin duela animalien ongizatea bermatzeko”.

Hala ere, ATEAk berresten du ez dutela onartzen animaliak (“bizirik, kasu honetan”) arte adierazpenaren elementu gisa erabiltzea.

Nolanahi den, ezadostasunak gorabehera, puntu batzuk adostu eta ohar partekatua zabaltzea hitzartu zuten, animaliei emandako tratu txarrak arbuiatzeko, museoak antolatutako erakusketetan animalien sufrimendua ekiditeko eta arte-adierazpenak izaki bizidunei kalte egitea saihestu behar duela aldarrikatzeko.

Halaber, arteak “lerro gorri” batzuk errespetatu behar dituela ere badio testuak, eta horiek, kasu batzuetan, animaliak barne hartzen dituztela.