Artea
Bi erakusketa
Euskal artea eta arte unibertsala, Donostiako San Telmo museoan
Erredakzioa
Erakusketa iraunkorra bi sailetan banatzen da: Euskal artea jorratzen duena, eta mundu mailako artearen historia lantzen duena. Chillida, Oteiza, El Greco eta Sorolla artisten lanak daude bertan.
Donostiako San Telmo Museoak erakusketa iraunkorreko arte ederretako aretoen edukiak aurkeztu ditu astearte honetan. Bertako ondarea 1.400 bat artelanek osatzen dute, eta ondare honen barruan beste museoetako gordailuak, galeriek eta partikularrek utzitako obrak eta museoa berritzen aritu den bitartean egindako erosketak ere badaude.
Erakusketa iraunkorra bi sail nagusitan banatuko da: mundu mailako artearen historia lantzen duen bilduma, eta euskal artearen 100 urte jorratzen dituen erakusketa.
XIX eta XX. mende bitartean euskal gizarteak izandako garapena aztergai dugu ''''Modernitatearen pizkundea'''' izeneko aretoan. Garai hartan euskal arteak bizi zuen errealitatea islatzea du helburu, eta, horretarako, 100 urte horietan bizi izandako garapena kronologikoki azaltzen digu, mugimendu artistiko ezberdinetako ildo, estilo eta ezaugarriak agerian uzteko. Irureta, Amarica, Arteta, José Echenagusia, Darío Regoyos, Iturrino, Gaur taldeko kideak, Oteiza, Chillida, Mendiburu, Sistiaga, Balerdi eta Zumeta artisten lanak izango dira ikusgai espazio honetan. 80ko hamarkadako Badiola eta Ángel Bados bezalako artistek ere lekua izango dute.
Mundu mailako artearen historia lantzen duen bildumak, aldiz, ehun bat artelan biltzen ditu, bost mendetako historia jorratzeko. San Telmoren ondarea osatzen duten lanez gain, Prado museoak utzitako lanak ere erakusten dira bertan. Tintoreto, El Greco eta Sorrolla artistak dira nabarmenenetako batzuk.