Itxi

Artea

Ipuin ilustratua

Esther Ferrer eta denbora, liburu batean

N. V. | EITB Media

Aintzane Usandizagak eta Aran Santamariak "(Ia) guztia moztu eta itsats daiteke" liburua aurkeztu dute, "Ferrerren unibertso kontzeptualean oinarritutako fikziozko lana".

  • Aran Santamaria eta Aintzane Usandizaga liburuaren egileak

    Aran Santamaria eta Aintzane Usandizaga liburuaren egileak

Aintzane Usandizaga idazleak (Lasarte-Oria, 1988) eta Aran Satamaria artistak (Zumaia, 1968) "(Ia) guztia moztu eta itsats daiteke. Esther Ferrer eta denbora" liburu ilustratua aurkeztu dute gaur Donostian, San Telmo Museoan.

Esther Ferrer donostiar artistak denboraren inguruan egindako hausnarketak daude liburuaren oinarrian, eta "modu jostagarri eta ederrean horiek ezagutaraztea" da lanaren helburua Pamiela argitaletxeak azaldu duenez. "Esther Ferrerren estetika gogorarazi dezakeen collagezko muntaia eta hitz dantzarien bidez, denbora harrapatzeko ahaleginetan murgilduko da irakurlea", erantsi dute.

Haizea Barcenillak eta Garazi Ansak zuzenduko duten Bagara sailaren lehen emaitza da liburu hau, eta gaurko aurkezpenaren agertokia, San Telmo Museoa, ere ez dute ausaz aukeratu. "Baginen Bagara. Emakume Artistak: Ikusgarritasun(ez)aren Logikak" erakusketa du ikusgai museoak, emakume artistek, tartean Esther Ferrerrek (haren hiru lan daude), egindako lanak biltzen dituena eta horietako asko ezezagunak egiten zaizkigun arrazoien inguruko hausnarketa proposatzen duena.

7:34

Bide horretan, lehengo eta oraingo emakume sortzaileak batzea izango da Bagara sailaren helburua, eta liburu gehiago ekarriko ditu, Baginen Bagara erakusketaz haratago emakume artisten lanari euskarri sendoagoa eskaintzeko.

"(Ia) guztia moztu eta itsats daiteke" ez da biografia bat, Usandizagak azaldu duenez, "Ferrerren lanean oinarritutako lana" baizik. "Argi genuen artistaren lengoaia piktorikotik edo unibertso kontzeptualetik abiatuta ipuin bat idaztea zela asmoa", erantsi du.