Gizartea -

golardoa

Esther Ferrer artistak Urrezko Danborra jaso du bere Parisko etxean

Donostiako alkatea Frantziako hiribura joan da, urtero San Sebastian jaia dela eta ematen duten golardoa entregatzera.

Eneko Goia eta Edurne Ormazabal, Esther Ferreri egindako bisitan. Argazkia: EITB Media
Eneko Goia eta Edurne Ormazabal, Esther Ferreri egindako bisitan. Argazkia: EITB Media
Eneko Goia Parisera joan da Esther Ferrerri Urrezko Danborra ematera

0:48

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esther Ferrer artista donostiarrak Urrezko Danborra jaso du bere Parisko etxean, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik. Sortzaileak jakinarazi zuenez, ezin izango zuen sariaren entrega ekitaldian izan, "pandemia egoeragatik" eta "medikuaren aholkuz". Hori dela eta, Goia Parisera joan da igande honetan, Ferrer bertan bizi baita.

84 urteko artistak "atseginez" hartu du urtero San Sebastian zaindariaren jaia dela eta ematen duten golardoa. Covid-19aren aurka borrokan ari diren osasun langileei eskaini nahi izan die.

Ferreren estudioan egin dute Urrezko Danborraren entrega, zenbait senideren aurrean. Goiarekin izan da Edurne Ormazabal Donostiako Tabakalera kulturguneko zuzendari nagusia, sortzailearekin duen harreman estua dela eta.

Golardoa eman ostean alkateak nabarmendu duenez, "garai zailak bizi ditugu eta egokitzera behartzen gaituzte; horregatik etorri gara gaur Parisera, Esther Ferreri ondo merezitako danborra ekartzera".

"Ohore handiz hartu du bere hiriak egin nahi izan dion errekonozimendu hau", gaineratu du Goiak.

Alkateak adierazi du "plazerra" izan dela Donostiako golardo garrantzitsu hau artistari entregatzea.

Udalak sari-banaketaren irudiak proiektatuko ditu urtarrilaren 19an, zaindariaren jai bezperan, egingo duten ekitaldian. Victoria Eugenia Antzokian izango da, eta Hiritar Merezimendu Dominak ere emango dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Donostia Euskal hiriburuak Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Urrezko Danborra albisteak