Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 2-6

Helduentzako ikastaroak izango dira Durangoko Azokan lehenengo aldiz

N.V. | eitb.eus

Azokako lehenengo egunean, Ikasle Egunean, euskara ikasten ari diren helduen taldeek hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: bikoizketa, hip-hopa...

Durangoko Azokak berritasunak dakartza 51. edizioan, eta lehenengo egunean, abenduaren 2an, ikusi ahalko da horietako lehenengoa, Ikasle Egunean.

Egun horretako goizean, eskola ikasleak izango dira protagonista, urtero legez, baina arratsaldez, Azokan lehenengo aldiz, euskara ikasten ari diren helduek (euskaltegietako ikasleek, berbalagun taldeek, irakurle taldeek…) hainbat ikastarotan parte hartzeko aukera izango dute.

Jarduera hauetan parte hartu nahi duten euskaltegi edo bestelako taldeek aurretik eman beharko dute izena posta elektronikoz, ikasleak@durangokoazoka.eus helbidera mezua bidalita. Datu hauek eman beharko dituzte, azaroaren 15a baino lehen: izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa eta taldearen ikasle kopurua.

Tailer hauek antolatu dituzte:

Durangoko 'Listoriatura' ezagutzeko bisita gidatua, Areto Nagusiak antolatuta. Irakurketa taldeei begira egindako bisita gidatu honek istorio txikiz osatutako ibilbidea egingo du Durangoko Alde Zaharretik, udalerriarekin lotura izan duten idazle eta euskaltzaleen berri emateko.

Wikipedia Maratoia. Kulturarekin harremana duten artikuluak baliatuz, parte-hartzaileek Wikipediaren funtzionamendua ezagutuko dute eta bertan editatzen ikasiko dute.

Hip-hop tailerra, Endika Albellarekin, Ahotsenean. Testuak DJ baten erritmora moldatzeko nola idatzi behar diren azalduko du 121 Crew taldeko kide ohiak.

Bikoizketa tailerra, Irudienean. Telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikasiko dute parte-hartzaileek, bikoizle profesionalen eskutik.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Durangoko Azoka