Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Balorazioa

Nerea Mujika: ‘Azokako bisitarien ibilbidea zabaldu egin da’

Natxo Velez | eitb.eus

Gerediaga Elkarteko presidenteak Durangoko Azokaren azken egunean esan digunez, irudipen “bikaina” hartu dio orain artekoari, antolatzaileek aurrerago zabalduko dituzten datu sendoagoen faltan.

  • Nerea Mujika

    Nerea Mujika, Durangoko Azokaren azken egunean ateak zabaldu baino lehentxeago

Durangoko Azokaren 53. edizioa bukatzeko ordu batzuk falta direla, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea aurtengoa “bikaina” izan delakoan dago, lau egun hauetan jasotako iritzi eta bizipenetan oinarrituta.

“Jende asko ikusi dugu poltsekin hara-hona, zerbait erosi eta gero, eta atzo, esate baterako, sarrera guztiak agortu ziren bai Szenatokian baita Irudienean ere, “Soinujolearen semea” ikusteko, eta Areto Nagusia ere beteta egon da. Ahotseneko solasaldi eta kontzertuetan , halaber, ilara handiak egon dira”.

Gainera, Nerea Mujikaren hitzetan, “bisitarien ibilbidea zabaltzen doala iruditzen zait. Lehen, gustuko tokira soilik joaten zen jendea, ia inertziaz: Ahotsenera, zuzeneko musikaren zaleak; Szenatokira, antzerkizaleak; beste batzuk Landakora, beste guneetara agertu barik…  Baina uste dut hori aldatzen ari dela, eta jendeak sarriago egiten duela bai Landakotik beste guneetara bai alderantzizko bidean”.

“Anormalitate bikaina”

Euskal kulturaren urte osoko “basamortuan”, Durangoko Azoka “oasia” dela esaten da maiz, eta Mujikak esan du hori sortzaileentzako galdera aproposagoa dela agian, baina, bere aburuz, “anormalitate bikaina” dela Azoka: “Nik uste hemen ikusitakoak jarraipena izan dezakeela. Atzo Szenatokian Miren Gaztañaga ikusi zuenak horren lana jarrai dezake urte barruan, edo “Soinujolearen semea” ikusi zuena zinemara itzul liteke udaberrian, estreinatzen dutenean”.

Saltzaileak, “gustura”

Anjel Valdes Elkar Musikako arduradunak esan digunez, “pozik” daude aurtengo lehen lau egunetan saldutakoarekin. “Laboaren diskografia duen kutxa agortu egin zaigu Azokan. Dendetan erosi ahalko da aurrerantzean, baina deigarria da horrelako produktu baten ale guztiak saldu izana. Gero eta gehiago saltzen da opariak egiteko”.

Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko ordezkariaren hitzetan, “Durangoko Azoka parentesia da diskoen salmentak behera egin duen garai honetan, eta esango nuke Azokaren barruan mantendu egin dela salmenta bolumena. Guk Hesianen diskoa saldu dugu gehien, eta, horren ondoren, Modus Operandirena eta, nobedadea ez den arren, En Tol Sarmientorena”.

Literaturari dagokionez, Pello Elzaburuk (Pamiela) Azoka “bikain” joan dela adierazi digu: “Orokorrean, alaitasun berezia sumatu dut jendearengan, eta oso erregularra izan da jendearen joan-etorria, gainera, egunero-egunero”. Beren txokoan gehien saldu direnei dagokienez, “Sarrionandiaren egunerokoa izan da”, azaldu digu Elzaburuk, eta beste fenomeno bitxi baten berri ere eman digu. Izan ere, “Soinujolearen semea” Bernardo Atxagaren eleberria ere aurreko urteetan baino gehiago saldu da, berorretan oinarritutako filma atzo Irudienean aurrestreinatu zutela eta.