Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 5-8

400 produktu berri eta 200 kultur ekitaldi, Durangoko Azokaren 54. edizioan

eitb.eus

Durangoko Azokaren arduradunek aurtengo edizioaren berritasunak aurkeztu dituzte gaur. Erakusmahaiek irudi berriztatua erakutsiko dute, eta Musika Eskolak jarduerak hartuko ditu, lehenengoz.

1:20
Durangoko Azoka / EiTB

Durangoko Azokak aurtengo edizioaren, 54.aren, lerro nagusiak aurkeztu ditu gaur, asteazkenarekin, prentsaurrekoan. Prentsaurrekoa Durangoko Musika Eskolan egin da, hain zuzen, Landako gunearen atzealdean dagoen espazio hori izango baita aurtengo nobedade nagusietako bat. "Azokak handitzen jarraitzen du, eta Musika Eskola espazio berri bat izango da edizio honetan: hemen antolatuko dira inaugurazio ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa", Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen esanetan.

Azken ekimen horren harira, Durangoko Azokak Euskal Herriko programatzaile eta musikaren sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa antolatu du, lehen aldiz, Musika Bulegoarekin elkarlanean. Azokako lehen egunean izango da, goizean zehar.

Landako gunean, Azokaren bihotzean, ere berritasunak egongo dira, Azokak erakusmahaien irudia aldatuko baitu 30 urtez lehen aldiz. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira, eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte.

264 erakusmahai eta 405 nobedade

54. edizioan, guztira 264 erakusmahai egongo dira, aurreko urteetan baino eskari gehiago jaso dituzten erakusgarri. Produktuei dagokienez, 405 nobedade egongo dira: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta bestelako 20. Autoekoizleen plazan, bestalde, 14 sortzaile batuko dira, disko, liburu eta ikus-entzunezkoekin.

Sormen Beka

Azokako bigarren egunean, abenduaren 6an, Azokako Sormen Bekaren irabazleak zein diren jakinaraziko dute. Aurtengo gaia musika izango da.

Gainera, iazko irabazleek euren proiektua aurkeztuko dute: AtopiaRPG, euskaraz sortutako lehen rol-jokoa.

668.450 euroko aurrekontua

Gerediaga elkarteko presidenteak azaldu duenez, Durangoko Azokak 668.450 euroko aurrekontua izango du, eta 200 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte diru horrekin.

Ahotsenean, Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira, zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean, eta Gogoetaren Plazan, besteak beste, lizentzia libreez, euskal prentsaz, kulturgintzaren profesionalizazioaz eta euskarari buruz hitz egingo dute.

Bestalde, Nerea Mujikak Azokara garraio publikoz etortzeko gonbita egin du. Autoz bertaratzen direnentzat, berriz, doako autobus zerbitzua jarriko dute, Landakotik Iurretako ordainlekuen inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.