Itxi

Euskara

Urriak 4, 5, eta 6

Euskaltzaindia Arantzazura itzuli da euskara batuaren 50. urteurrenean

eitb.eus

Mendeurreneko ospakizunen barruan, nazioarteko biltzar bat antolatu du akademiak Oñatin. Euskararen etorkizuneko erronkak aztertzen dihardute bertan.

1:28

1968ko urriaren 3an ezarri ziren euskara batuaren lehen oinarri sendoak, Arantzazun, Oñatin. Han finkatu ziren, besteak beste, euskara batuaren lehen arauak, hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea...

Data esanguratsu horren 50. urtemuga baliatuz, Euskaltzaindia XVII. Biltzarra egiten ari da urriaren 4, 5 eta 6an Arantzazun, Gandiaga Topaketa eta Batzarretarako Zentroan. Han, 50 adituk “euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak” aztertuko dituzte.

Hainbat ikuspegitatik begiratuko diote hizkuntzari, bai alde linguistikotik baita beste hainbat esparrurekin harremanetan jarrita ere. Gainera, larunbatean, Akademiak webgune berria eta euskara batuaren eskuliburu berria aurkeztuko ditu.

“Euskaltzaindia lanera dator” esanez ekin dio Andres Urrutiak bere hitzaldiari, erakundeetako ordezkariek Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrari hasiera eman eta jarraian.

 

Urrutia: "Gurea filma da, tai gabe mugitzen dena"

 

Euskaltzaindiak bere ibilbidean hartu dituen ardurak, alegia “normatibizazioa eta normalizazioa”, berretsi direlako “pozik” agertu da euskaltzainburua, eta elkarrekin jarduteko aldarrikapena egin du behin eta berriz, “guztion artean egin behar dugulako etorkizuneko euskara batua”.

Zentzu horretan, Biltzarra “Euskararen munduarekin gogoeta ontzeko” abagune jo du, eta, bide batez, “euskara batuaren nondik norakoak zabal-zabalik aztertzeko eta zedarritzeko” hitzordu garrantzitsu, horretan dagoelako neurri handi batean, euskararen etorkizuna.

Euskararen batasuna bultzatzeko ezinbesteko ikusten dituen “ardatz estrategikoak” zehaztu ditu ondoren. “Lurraldetasuna arreta bereziz lantzea, euskararen lurralde bakoitzeko eragileekin elkarlanean arituz, hitzarmenak lortuz eta Euskaltzaindiaren presentzia areagotuz”, azpimarratu du.

“Gurea filma da”, nabarmendu du Urrutiak, “tai gabe mugitzen dena”, eta horri segida ematea “egungo errealitateak markatzen dituen premia eta beharrak aintzat hartzea” da.