Itxi

Euskara

Euskaraldia

Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020. urtean izango da

eitb.eus

Bi urtean behin antolatuko da hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea helburu dituen ekimena. Hurrengoa 2020ko udazkenean izango da.

1:17

Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko ariketa sozialaren bigarren edizioa 2020 urteko udazkenean egingo da.

Antolatzaileak xehetasunak lantzen ari baldin badira ere, bigarren Euskaraldiak bi ardatz izango dituela aurreratu dute: batetik, Euskal Herri osoko herritarrei deia egingo zaie, lehen edizioan protagonista izan diren ahobizi eta belarriprest rolen bitartez beraien harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko; bestetik, bigarren edizioko berrikuntza modura, era guztietako entitateek (erakunde publikoak, enpresak, saltokiak, elkarteak…) beraien funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko du Euskaraldiak.

2020an, ahobizi edo belarriprest modura jokatzeko gonbita egingo zaie herritarrei. Entitateek, berriz, funtzio aktiboagoa izango dute Euskaraldiaren bigarren edizioan: aurrekoan 200 entitatetik gora izan ziren ekimenaren sustatzaile; 2020an, aldiz, urrats bat aurrera egin eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie parte hartzen duten entitateei.

2018ko azaroaren 23aren eta abenduaren 3aren artean egindako ariketan izena eman zuten 220.000 belarriprest eta ahobizien azterketa egin dute, eta webgune batean bildu dituzte. Udan, Euskaraldiaren lehen edizioak izan duen eraginaren emaitza gehiago jakin ahal izango dira.