Gizartea -

Euskaraldia

Euskaraldiak edizio gehiago izango ditu

Oraingoz ez dute erabaki ekimena urtero antolatuko den edo noizbehinka izango den. Antolatzaileek ikerketa bat egingo dute Euskaraldiaren eragina neurtzeko. Emaitzak 2019ko udan ezagutaraziko dituzte.

Euskaraldiaren sustatzaileek ekimenaren balantzea egin dute.
Euskaraldiaren sustatzaileek ekimenaren balantzea egin dute.
Euskaraldiaren balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek

1:43

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Euskaraldia, 11 egun euskaraz' ekimena atzo amaitu zen eta gaur lehendabiziko balantzea egin dute antolatzaileek.

Pozik agertu dira, ekimenaren arrakasta azpimarratu dute (220.000 lagun inguruk hartu dute parte) eta etorkizunean Euskaraldiaren edizio gehiago izango direla iragarri dute.

Ekimenaren sustatzaileek agerraldia egin dute Donostian. Tartean izan dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea eta Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak.

Ekimenak gizartean eragin handia izan duela eta herritarrek euskaraz hitz egiteko hartu duten konpromisoa nabarmendu dute.

Dobaranen iritzian, "bide luze baten hasiera" izan da Euskaraldia, eta ekimen horrek "euskararen erabilerari bultzada handia" eman dio, baina aldaketa gauzatzeko enpresa, elkarte eta erakunde publikoen babesa ezinbestekoa izango dela erantsi du.

Halaber, kanpaina honen helburu nagusia "hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egitea" eta jarrera horiek aldaraztea izan dela gogoratu du.

Illarok parte-hartzea azpimarratu du eta herritarrei esker ona adierazi die. Euskaraldiaren koordinatzaileak jakinarazi du ikerketa bat egingo dutela, ekimenaren eragina aztertzeko eta ondorio zehatzak ateratzeko. Emaitzak 2019ko udan ezagutaraziko dituzte.

Ildo berean, Illarok baieztatu du Euskaraldiak jarraipena izango duela etorkizunean, baina gaineratu du oraindik ez dutela erabaki ekimena urtero errepikatuko den edo noizbehinka soilik antolatuko duten.

"Euskaraldiak harrera ona izan du gizartean eta erantzuna espero baino hobea izan da Euskal Herri guztian; izen eman ez zuten pertsonek ere bat egin dute, egitasmoak kalean izan duen ikusgarritasuna dela eta", azaldu du.

Bestalde, hamaika egunotan bizitako esperientzia guztiak "mapa dinamiko handi batean" bilduko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

"’Ahobiziak’ eta ‘belarriprestak’ gelditzeko etorri dira", ziurtatu dute pozik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gizartea Albisteak Euskaraldia