Literatura
Irakurketa
'50 shades of Grey', Erresuma Batuko Urteko Liburua
Erredakzioa
E.L. James idazlearen trilogia erotikoaren lehen liburua Erresuma Batuan inoiz gehien saldu duten liburua da; sei milioi ale inguru saldu dituzte.
-
'50 sombras de Grey' liburua Erresuma Batuko Urteko Liburua izendatu dute.
50 shades of Grey E.L. James idazlearen trilogia erotikoaren lehen atala urteko liburu izendatu dute Erresuma Batuan, Liburuen Sari Nazionalen arduradunek iragarri dutenez.
Gainera, liburua Erresuma Batuko historiako salduena da (sei milioi ale inguru saldu dituzte).
Abenduaren hasieran, eleberri erotiko horrek fikziozko kategoria irabazi zuela iragarri zuten eta, hortaz, urteko liburu izateko hautagai bilakatu zen.
Gainerako kategorietako irabazleak epaimahai batek aukeratzen ditu, baina urteko liburuaren saria irakurleek erabakitzen dute. E.L. Jamesen lanak botoen % 75 lortu ditu.
Idazleak oso pozik dagoela esan du, eta eskerrak eman dizkie irakurle eta liburu dendei, goraipamen "zoragarri" horregatik eta liburua arrakasta bihurtzeagatik.
Is it just me? (Miranda Hart) eta Ratburger (David Williams) liburuak ere izan dira urteko liburuaren saria jasotzeko hautagai.
Bringing up the bodies Hilary Mantelen eleberri historikoa ere izan da golardoa irabazteko hautagai. Lan horrek Specsavers idazle onenaren saria eta Booker literatura saria jaso ditu, abenduan.
Pelikularen zain
Trilogiaren jarraitzaileek oraindik ez dute 50 shades of Grey pelikulari buruzko berririk. Oraingoz, gidoilaria bakarrik aukeratu dute, eta, ondoren, zuzendaria eta Christian Grey izango den aktorea aukeratuko dute. Hori dela eta, Interneten zurrumurruak bolo-bolo dabiltzan arren, ez dago 50 shades of Grey pelikularako aktoreen zerrendaren inguruko inolako baieztapen sinesgarririk.