Literatura
Cervantes saria
Elena Poniatowska mexikarrak Cervantes saria jaso du
Erredakzioa
Saria hartzeko orduan, idazle eta kazetariak "ibiltari arruntak aldarrikatzen dituen Sancho Panza femeninoa" dela esan du.
Elena Poniatowskak Juan Carlos Espainiako erregearen eskutik jaso du Cervantes saria, eta kutsu sozial nabarmeneko hitzaldia egin du, berori eskertzeko: Latinoamerikako "galtzaileak" eta Gabriel Garcia Marquez ostegunean hildako idazle kolonbiar handia izan ditu gogoan, besteak beste.
Maria Teresa Lizaranzu Kulturaren eta Liburuaren Industrien zuzendari nagusiak epaimahaiaren akta irakurri eta gero, Poniatowskak saria jaso du, soinean Juchitango (Oaxaca, Mexiko) emakumeek "gaurkoa bezalako ekitaldi berezietarako" eman zioten jantzi indigena "hori-gorria" zuela.
Poniatowska (Paris, 1932) Cervantes saria irabazi duen laugarren emakumea da, Maria Zambranoren, Dulce Maria Loynazen eta Ana Maria Matuteren ostean. Literatur ibilbide "distiratsua", kazetaritzarako ardura "eredugarria" eta "historia garaikidearekiko konpromisoa" hartu zituzten kontuan sariko epaimahaikideek mexikarra goraipatzeko.
Gaurko ekitaldiko hitzaldian, "ohore hau" haren aurretik izan zituzten hiru emakume horiek eta "gutxien daukatenak" hartu ditu ahotan.
Poniatowskak azaldu duenez, bizitza profesionaleko "ekitaldirik garrantzitsuena" izan du gaurkoa, eta "Sancho Panza femenino" bati eman dio epaimahaiak, ez "Teresa Panzari edo Dulcinea Tobosokoari, ezta Carlos Fuentesek horren gogoko zuen Micomicona printzesari".
Haren hitzetan, nolanahi ere, "nik, idazle honek, ezin dut errotez hitz egin, honezkero ez baitago halakorik, baina ibiltari arruntez hitz egin dezaket; hain zuzen, kronikagile oldarkor horrek kontatu diotena gogoratuko duen itxaropena gorderik, agindupekoen poltsan pikotxa eta pala sartuta, paturi emanda lo egiten duten horietaz".
Poniatowskak Gabriel Garcia Marquez zena ere ekarri du bildutakoen gogora solasaldiaren hasieran: "Ehun urte bakardadean lanarekin hegoak eman zizkion Latinoamerikari. Hegaldi handi horrek altxatu gaitu, eta berorren ondorioz loratzen zaizkigu buruko loreak", esan du.