Itxi

Literatura

Elkarrizketa

Marc Casals: "Desberdintasunaren deskubrimendu etengabea da Bosnia"

Natxo Velez | EITB Media

Marc Casals itzultzaile eta idazleak "La piedra permanece" liburua aurkeztuko du apirilaren 1ean, ostiralarekin, Donostian, Bosnia-Herzegovinari egindako begirada erakargarri, iradokitzaile eta zintzoa.

  • Marc Casals "La piedra permanece" liburuaren idazlea. Argazkia: Carles Palacio.

    Marc Casals "La piedra permanece" liburuaren idazlea. Argazkia: Carles Palacio.

Ia beti aldez aurretik porrotera kondenaturik dauden jakitun ere, liburu askoren jomuga ikergai duten hori trinkotzea, laburbiltzea, izaten da; ariketa iruzurtia izaten da, eta emaitza urria, ezinbestean. Xede horren kontrakarrean, La piedra permanece Marc Casals (Girona, 1980) itzultzaile eta idazlearen liburuak, kronika liburutik saiakera eta erreportajera doanak (Libros del KO, 2021), aurkakoa du helburu: Bosnia-Herzegovina bezain herrialde aberats, esker oneko, aberasgarri eta jakin-minaren asegarria zabaldu, hedatu.

Herrialde horretako hamasei biztanleren lekukotasunak beraien baldintzen inguruko ezaguera sakonez jantzi eta literaturaren pultsuaz testuratu ditu Casalsek "La piedra permanece"n, eskualde horren aipamenekin tai gabe lotuta joan ohi diren estereotipoak errepikatu eta berretsi gabe baina, hein berean, lurralde horrekiko lilura akritikotik urrun.

Duela urte mordo bat Balkanetan kokatuta, Marc Casalsek ez dio begiratzen soilik ikusi eta baieztatu nahi duenari, bisitari presatiak egiten duen legez. Begirada zorrotzaren eta liburuaren protagonisten lekukotasun eskuzabal eta nabarren, askotarikoen, fruituak jasotzen ditu, egonarriz: sarajevoar bosniakoak, serbobosniar lekualdatuak, kroaziar frantziskotarrak, Armijako boluntarioak, Potocariko hilerriko lore-saltzaileak…

Casalsekin hitz egin dugu, ostiralean, apirilak 1 (19:00), La piedra permanece Donostiako Liburutegi Nagusian (San Jeronimo) aurkeztuko baitu, Sebas Velasco Donostian bizi den eta bere obran Balkanak oso presente dituen pintorea lagun duela, noiz eta apirilaren 6an Bosniako gerraren hasieraren 30. urteurrenarena izango denean.

Balkanekin lotuta hitzetik hortzera ibiltzen diren topikoen aurka (zakarrak, exotikoak, basatiak, misteriotsuak…), hamasei kontakizunen bidez Bosnia hedatzea du helburu zure liburuak. Zer ezaugarri behar zuten istorioek, liburuan agertzeko?

Pellokeria dirudien arren, funtsezko ezaugarria izan da protagonista eta bere istorioa interesgarriak izatea, hori gabe ez baitu merezi idazten jartzea.

Gero, saiatu nintzen protagonista bakoitzak Bosniako hainbat lekuri eta ezaugarriri buruz hitz egiteko bidea eman ziezadan, narrazioan joan-etorri naturala egon zedin letra larriz idazten den Historiaren eta bakoitzaren istorio indibidualaren artean.

Bosniaren alde xarmagarrienetako bat bere mosaiko izaera da, eta sentsazio hori helarazi nahi nion irakurleari: piezak, batzuetan harmonia handirik gabe bada ere, elkarrekin batzen doazen sentsazio hori senti zezala, eta horrela osatu agian ez Bosnia berez dena, baina bai nik ezagutu dudan Bosnia.

Sebilj iturria (Sarajevo)

Sebilj iturria (Sarajevo). Argazkia: Natxo Velez. 

Material asko gelditu da kanpoan? Zergatik?

Hasieran, hainbat pertsonaia alde batera utzi nituen, eta goitik behera idatzita nituen bi atal ere kanpoan gelditu ziren. Bi kasu horietan, iruditu zitzaidan pertsonaia horiek besteek baino interes gutxiago zutela, literaturaren ikuspegitik.

Literaturaren ikuspegiarena azpimarratzen dut, balitekeelako benetako bizitzan liburuan agertzen diren beste batzuk baino pertsonaia interesgarriagoak izatea, baina, idaztean, harritu egin nintzen testuak zelako neurri zorrotzak ezartzen dituen ikusita.

Zaila izan da kontakizunen protagonistekin gai mingarri eta barne-barnekoez mintzatzea? Zelakoak izan ziren elkarrizketak?

Ez nuke esango horrenbeste "elkarrizketarik" egon denik, galde-erantzunen segida egituratu baten gisara ulertuta, ezpada adiskidetasun harremana duen jendearen arteko "berriketak".

Zorionez, liburua idazten hasi nintzenerako bost urte neramatzan Bosnian bizitzen, eta oso ohituta nengoen gerrari buruzko elkarrizketetara, norbaitekin konfiantza hartzen duzunean sortu egiten direlako. Gainera, bertako hizkuntza hitz egiteko gai naiz eta, aldi berean, atzerritarra naiz; hortaz, nirekin zintzoki hitz egin zezaketen, nik inola ere epaitu gabe.

Une oro saiatu nintzen sentiberatasunez entzuten, eta, gai mingarriak hizpidera ateratzen zirenean, gai arinagoez solasean gelditzen nintzen gero, tarte batez. Lehenengo eta behin, lagunak ditudalako, liburua gorabehera, eta, beraiekin egotea gustatzen zaidanez, ez nengoen han idazteko materialaren bila soilik, eta bigarrenik, ankerkeria izango litzatekeelako nire aldetik bizipen traumatiko bat gogoratu eta gero aztoratuta utzi eta alde egitea.

"Pertsonei buruz idazteko, medikuntzan erabiltzen den printzipioa ezarri behar da: 'Ororen gainetik, ez egin minik'".

Pertsonei buruz idazteko, are gehiago gerra bat bizi izan badute, medikuntzan erabiltzen duten printzipio bera ezarri behar da: "Ororen gainetik, ez egin minik".

Hitzaurrean, geografia, etnia eta gizarte klasearen esparruetan nolabaiteko oreka bat bilatu duzula azaltzen duzu, baina genero aldetik ez dela posible izan, herrialdearen kontserbadurismo mailagatik, batetik, eta emakumeen bizipenak etxeari lotuago egon direlako, bestetik. Sumatzen da aldaketa haizerik Bosnian, alde horretatik?

Pixkaka-pixkaka, aldatzen ari da, toki guztietan bezala. Bosniakoa gurea baino gizarte patriarkalagoa da, eta 90eko hamarkadatik aurrera kontserbadoreagoa bilakatu da, erlijioak esparru publikora itzuli direnez gero. Paradoxa da, baina ilobak baino liberalagoak diren amamak daude!

Liburuan emakumeak protagonista dituzten hiru atalekin bereziki harro nago, gizona izanik, zaila baitzen niretzat psikologia femenino konplexua irudikatzea, karikatura bat egin beharrean. Jaso ditudan erantzunei begira, uste dut lortu egin dudala. Baina, noski, laguntza handi-handia izan da agertzen diren emakume horiek guztiak zirraragarriak izatea.

Liburua irekitzen duen aipuaren arabera, Bosnian "harriak badirau", ura ibili dabilen bitartean. Eta urak, hain zuzen ere, Bosnian lehen kolpean erakusten dio bisitariari, ibai hain ezberdin eta hain presenteen bidez (Una, Vrbas, Neretva, Drina, Miljacka…), oso herrialde aberats batean sartzen ari dela, kontraste eta elkarguneak lagun izango dituela egonaldian. Hala da?

Ezberdintasunaren deskubrimendu etengabea da Bosnia, bai alde negatiboan bai positiboan, etengabe aurkitzen baituzu tentsioa aberastasunaren iturri den ezberdintasunaren eta gatazkaren iturri den ezberdintasunaren artean.

Eta bai, oso harrigarria da nola ibai horietako bakoitzak duen nortasun indartsua (kolorea, pizten dituen sentsazioak…) hala berorien ertzetan bizi diren bosniarrek horiekin ezartzen dituzten lotura emozionalak.

Liburuaren izenburuko aipuari buruz, esango nuke hobe litzatekeela herrialdeak uraren jarioa izatea eta harria erresistentziaren ikurtzat aipatu beharko ez balitz.

Vrbas ibaia, Banja Lukako aldirietan. Argazkia: B. V.

Vrbas ibaia, Banja Lukako aldirietan. Argazkia: Borja Velez.

Gizarte mailan, elkarguneak ohikoak ziren hainbat ingurutan (Sarajevo…) bikote mistoetan (Mladen eta Azra bederatzigarren kapituluko protagonistena bezala) eta eguneroko bizikidetzan irudikatuta, gerra piztu eta, horren ondorioz, pertsona errefuxiatuen migrazioak hasi ziren arte. Posibleak eta ohikoak dira gaur egun horrelako harreman eta bateratzeak?

Egia esan, askoz gutxiago daude, esaten duzun bezala, gerrak eragin zituen desplazamenduen ondorioz zailagoa baita etnia ezberdinetako bi pertsona elkarrekin harremanetan hastea. Gerta liteke, halaber, Azraren familian bezala, familiek harremanen aurka egitea iraganeko gaitzondoen eraginez. Baina oraindik ere bada horrelako bateratzeetarako tartea, batez ere eremu urbanoetan, jendeak gutxiago erreparatzen baitio bestea denari.

Argitu nahiko nuke, gainera, Bosnian "etniak" ez direla muga zurruna duten kategoria iragazgaitzak, baizik eta, denok egiten dugun bezala, bosniar bakoitzak modu konplexuan eraikitzen dituela bere izaera konplexuak. Are gehiago, batzuek segundo bat ere ez diote eskaintzen afera horri, Balkanetan energia piloa xahutzen baitu gai horrek.

"Askorentzat, identifikazio nazionalerako elementua da erlijioa, sinesteen eta arau etikoen multzoa baino gehiago"

Horretan sakonduta, Bosniako herritar taldeen ohiko sailkapen orokorregiak (bosniako musulmanak, serbobosniar ortodoxoak eta bosniar-kroaziar katolikoak) lotura estua ezartzen du jatorriaren eta erlijioaren artean. Zein mailatan da agerikoa erlijioaren presentzia Bosniako egunerokoan?

Lehen baino askoz presentzia handiagoa du, baina, batik bat, identitatearen adierazle gisa.

Otomandar Inperioak komunitate konfesionalak antolatzeko zuen modu bereziaren ondorioz, bosniakoen, kroaziarren eta serbiarren identitate nazionalak erlijiotik abiatuta sortu dira Bosnian. Beraz, jende askorentzat identifikazio nazionalerako elementua da erlijioa, sinesteen eta arau etikoen multzoa baino gehiago.

Hain zuzen ere, erlijioen arteko bizikidetza sekular horren ondorioz, beti liluratu nauten sinkretismo asko daude Bosnian. Adibidez, liburuan kontatzen dut Sarajevoko eliza katoliko batean ortodoxoak eta musulmanak astearteetako mezatara joaten zirela, San Antonio Paduakoaren omenez, eta kandelak pizten zituztela haren irudiaren aurrean, maitasuna aurkitzen lagun ziezaien.

Jajce. Argazkia: Natxo Velez.

Jajce. Argazkia: Natxo Velez.

Zein mailatan daude ordezkatuta gizartean gutxiengo sozialak, zazpigarren kapituluko protagonista den David sarajevoar judu sefardia berbarako, edo ijitoak eta beste?

Oso ordezkaritza maila urria dute, bere burua bosniakotzat, kroaziartzat edo serbiartzat ez duten guztiek bezala, Daytongo Bake Akordioek hiru talde horiek Bosniako "herri osatzailetzat" goraipatu zituenetik.

Horrek erakundeek bultzatzen duten iruditeria sinbolikotik eta boteretik kanpo uzten ditu, logika nazionalei jarraituta banatu ohi delako boterea.

2009an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebazpen bat kaleratu zuen Bosniako Estatuari agintzeko bertan behera utzi behar zuela presidentetza bosniako batek, kroaziar batek eta serbiar batek osatu behar dutela dioen araua, diskriminatzailea baita, besteak beste, judu eta ijitoentzat, baina ez da inoiz aplikatu.

Paradoxikoki, Bosniako erroldan inork ezin du bere burua bosniartzat jo; bosniako, kroaziar edo serbiartzat egin behar du, edo "Besteak" taldearen barruan izena eman, juduekin, ijitoekin eta beste ezer baino gehiago bosniar sentitzen direla aldarrikatzen dutenekin batera.

Marc Casals. Argazkia: Carles Palacio.

Marc Casals. Argazkia: Carles Palacio.

Hainbat adituren ustez, Bosnia-Herzegovinako giroa 1997tik inoiz baino gaiztotuago dago: Milorad Dodik Srpska Errepublikako presidenteak (Bosnia-Herzegovinako Estatua Bosnia eta Herzegovinako Federazioak, Srpska Errepublikak eta Brcko barrutiak osatzen dute) aurrerapausoak egin nahi ditu burujabetzaren bidean, zerga eta justizia esparruetan, besteak beste; Europar Batasunak EUFOReko 500 soldadu gehiago bidali ditu lurraldera; Errusiak Bosnia-Herzegovinan duen enbaxadorea eta Željko Komšic presidentetzako kroaziar kidea mokoka ari dira herrialdea NATOn sartuz gero gerta litekeenaz… Badago giroa atzera-bueltarik gabe goritzeko arrisku larririk?

Tentsioaren gorakada agerikoa da duela hainbat hilabetetatik, Milorad Dodiken goraldi sezesionistaren ondorioz. Gainera, Ukrainako gerrak aldakortasun geopolitikoko beste elementu bat aurkeztu du, Errusiak hainbat urte baitaramatza Dodikekin loturak estutzen, baina baita Serbiarekin eta kroaziar nazionalismoarekin ere.

Jugoslavia zaharreko herrialdeen artean NATOtik kanpo zein herrialde dauden begiratzen badugu, Serbiaz gain (kasu berezia da, Aliantzak bonbardatu egin baitzuen), horietako bat Bosnia dela ikusiko dugu. Oraintxe bertan, ez dut uste egoerak maila handiko indarkeria eragingo duenik, kontuan hartuta Errusia Ukrainan lokaztuta dagoela.

Dodik ahulegia da bere kasa zerbait egiten saiatzeko, eta Serbia Errusiaren eta Mendebaldearen arteko oreka gordetzen saiatzen da.

Eta zer itzal dute horretan guztian urrirako deituta dauden hauteskundeak?

Urriko hauteskundeei dagokienez, ikusteko dago egingo ote diren, kroaziar alderdi nazionalista nagusiak boikoterako mehatxua egin baitu, hauteskunde legea bere interesen arabera moldatu ezean.

Travnikeko gotorlekua

Travnikeko gotorlekua. Argazkia: Natxo Velez. 

Nihad Hasanovicen eta Dobrilaren istorioetan, gerraren ondorio psikologikoei heldu diezu. Zer jarraipen izan du buruko osasunaren gaiak Bosnian eta zer eragin dute egunotan Ukrainatik (edo Siriatik edo Iraketik edo Afganistandik…) iristen diren irudiek bertako biztanleen artean?

Zoritxarrez, oso gutxi ukitzen den gaia da, eta nik interes berezia daukat horretan. Are gehiago, trauma osteko estresaren nahasmenduan aditua den psikologo bat zen protagonista liburutik kanpo gelditu zen istorioetako batean.

Nahasmendu hori oso hedatuta dago Bosnian, eta sufrikario psikologiko gogorra eragiten du, baina, beste hainbat eta hainbat tokitan bezala, terapiara joateko ohitura oso urria da, kapritxotzat edo ahultasun seinaletzat hartzen baita, eta oso jende gutxik jasotzen du tratamendua.

Errusiak Ukraina inbaditu zuen egunean, Sarajevon nengoen, eta topatu nituen lagunen eta kaletik zebilen jendearen aurpegiak ikustekoak ziren. Trauma osteko estresaren nahasmenduaren ondorioetako bat da trauma eragin duen bizipena berraktibatzen dela, eta, Ukrainako hiri suntsituen eta bloke birrinduen irudiek gure gogoa berehala Bosniara eramaten badute, atera kontuak zer izan behar den gerra bizi izan duen batentzat.

"Bosnia gazteen belaunaldiari huts egiten ari zaio, eta negargarria da hori, horiek baitira herrialdearen etorkizuna eraiki beharko luketenak"

Nihaden istorioan bertan, 70eko hamarkadan, sozialismoaren garai bete-betean, jaio ziren bosniarren belaunaldiaz aritzen zara, eta esaten duzu 90eko gerrako indarkeriak eta traumek bortitzen jo zituena dela. Zer gertatzen da, baina, gerraren ondoren jaiotakoekin? Zer etorkizun dute 1997tik aurrera jaiotakoek Bosnian? Askok emigratu egiten dute…

Liburuan jende gazte gehiago egotea nahiko nukeen, nahiz eta batzuk agertzen diren, baina, biografia laburragoa dutenez, zaila zen, adibidez, belaunaldi berri hauetako norbaiti buruzko kapitulu oso bat eraikitzea.

Egia esan, ez dute bizimodu errazik: seguru asko gerrako zauriak arrastaka daramatzaten gurasoek hezi dituzte, hezkuntza sisteman irakasle askok despotismoz tratatzen dituzte eta oso zaila da lanpostu egonkor bat topatzea, klientelismoaren sareetan sartzen ez bazara edo lanpostuaren truke ordaintzen ez baduzu.

Etorkizunerako aukera falta honen aurrean, askok emigratu egiten dute. Nire ustez, Bosnia belaunaldi horri huts egiten ari zaio, eta negargarria da hori, horiek baitira herrialdearen etorkizuna eraiki beharko luketenak.

Kriston Salbatzailearen katedral ortodoxoa, Banja Luka. Argazkia: Natxo Velez.

Kristo Salbatzailearen katedral ortodoxoa, Banja Luka. Argazkia: Natxo Velez.

Ivo Andricek Zubi bat Drinaren gainean liburuan dioenez, "mirari ulertezina da bizitza, ahitu eta aienatu egiten delako atergabe, eta, hala ere, irmo eta sendo dirauelako Drinaren gaineko zubiak bezala". Zerk eusten dio Bosnian bizitzaren mirari ulertezinari?

Orain konturatzen ari naiz "ura ibili dabil, baina harriak dirau" esaldia erabiltzeko dudan modua ez dagoela oso urrun Andricek Zubi bat Drinaren gainean liburuan eraikitzen duen metaforatik: zubiko harria giza bizitzaren elementu iraunkorren ikur bezala ageri da, zeina denborak eta historiak, urak bezala, higatzen baitute. Eta imajinatuko duzunez, liburu hori ondo baino hobeto ezagutzen dut!

Menturatu ninteke azalpenen bat botatzera Bosnian bizitzak nola dirauen asmatzeko, baina nago iturri ilun bat dagoela, hitzez eta nire ulermenaz ere haraindi doana. Hain zuzen ere, liburua idazteko bulkada –bulkada hutsez hasi bainintzen– zuzenean dago lotuta behin eta berriz sentitzen nuen txundidurarekin: gertatu zaiena kontuan hartuta, nondik ateratzen dute pertsona hauek bizitzeko gogoa eta indarra?

Ez dakit hori azaltzen asmatu dudan, baina espero dut ohiz kanpoko zerbait miresgarritzat erakutsi eta aldarrikatu izana.

Sarajevoko udaletxea

Sarajevoko udaletxea. Argazkia: Natxo Velez.

Balkanetan aditua zarenez gero, zer aholku emango zenioke lurraldearen gaineko ezaguera sakonagoa izan nahi duen norbaiti, zure liburu ezinbestekoa bai ala bai irakurtzeaz gain?

Nire liburua irakurtzea ezinbestekoa dela zuk esan duzu, hala ager dadila!

Ez dut ezer agintzeko joera handirik, baina, aholkuren bat eman beharko banu, jendearekin hitz egitea izango litzateke. Horrela, liburuetako ikuspegi batzuetan abstraktu samarrek forma konkretuagoak hartzen dituzte, eta, menturaz, Balkanak beren konplexutasun liluragarrian agertuko dira.

Barru-barrutik egiten dut bat liburuaren hasieran jarri dudan Ivan Lovrenovicen aipuarekin, eta, batez ere, amaieran Balkanei buruz esaten duenarekin: "Egunen batean unibertso honek oreka politikoa lortzea dut amets, eta bere buruari mila aurpegiko bere aurpegi magikoa erakusten hastea".

'La piedra permanece'

'La piedra permanece'. Diseinua: Patricia Bolinches.