Itxi

Literatura

''Moby Dick''

Juan Garzia: "Itzultzeko, munduko pertsonarik harroena eta umilena izan beharra dago aldi berean"

Natxo Velez | EITB Media

Legazpiar idazle eta itzultzaileak "Moby Dick" eleberri monumentala jarri du euskaraz. Horretarako, "euskaraz Melville izateko bezain harro" eta "testuaren zerbitzura buru-belarri jartzeko bezain umil" jardun da, bost urtez.

  • Juan Garzia Garmendia. Itzultzaileak lagatako argazkia.

    Juan Garzia Garmendia. Itzultzaileak lagatako argazkia.

"Zeroi zuri handi baten jazarpen setatsu galgarria": zazpi hitzetan laburtu du Moby Dick 577 orrialdeko eleberri mamitsuaren gaia Juan Garzia Garmendia itzultzaileak (Legazpi, 1955), Herman Melvillek 1851n argitaratutako klasikoaren euskarazko bertsioaren (Balea Zuria, noski, 2023) hitzaurre oparo, argigarri eta eskergarrian.

Nolanahi den, gai itxuraz xume horretatik abiatuta, ezin konta ahal interpretazio ekarri ditu Pequod ontziaren zeharkaldiak, Ismaelek kontatzen digun Ahab kapitainaren eta baleontziko eskifaia osoaren Moby Dicken jazarpen itsu eta galbidetsuak, artelan taxuzkoei (maisulanen mailara igo gintezke, hizpide dugun lanaren kasuan) dagokienez.

Moby Dicki buruz esana da, besteak beste, eleberri abisal hau dela "Ipar Amerikako historiako eleberririk onena" (Enrique Lago), ezein irakurle ez dela gai "Melvilleren mundu-ikuskera bere betean jasotzeko" (Anjel Lertxundi), ez dagoela "inola ere biltzen saiatzerik azken hondarreraino liburuaren baliabide eta efektuen oparotasuna" (Cesare Pavese), "eleberri infinitua" dela (Jorge Luis Borges eta Edorta Jimenez) eta, artelanek zabaltzen dituzten bideen sakontasun eta ugaritasunaren erakusgarri, "ustiapen estraktiboko proiektu batean diharduen eta berarekin langile prekarioen talde bat daraman ekintzaile erotu baten istorioa" dela ere (Cesar Rendueles).

Orain, zorionez, euskaraz ere osatu ahalko du azkenean irakurleak bere Moby Dick, Juan Garziaren bost urteko itzulpen lanaren emaitza zehatz eta gustagarriari esker. Ez ahal du esango irakurleak, irakurkizunaren aurrean, "Aukeran nahiago ez", Melvilleren Bartleby izkribatzailea eleberriko protagonistak bezala, zeharkaldi nekez baina probetxugarriak eskatuko dion ahaleginaren beldur. Damutuko zaio, hala izatera.

Garziarekin hitz egin dugu.

Aurretik irakurrita izan duzu Moby Dick? Zertan aldatu dute ondorengo irakurraldiek eta itzulpen lanak libururako zure ikuspegia eta harekiko harremana?

Zatika irakurriak nituen puska batzuk, gaztelaniaz eta ingelesez. Bestetik, Melvilleren beste maisulan batekin estreinatu nintzen literatura euskaratzen: Bartleby. Idazkeraz, oso desberdinak dira bi lanak, eta askoz ere sofistikatuagoa Moby Dick.

Lehen irakurketetan, kontakizunaren harira doa arreta. Itzultzerakoan, berriz, hitzik hitz egiten duzu topo xehetasun askorekin, eta ageriago geratzen da nolako eraikuntza bikaina den liburua maila guztietan, sinbolismoz josia, koherentzia izugarriz bat eginez estiloa gaiarekin eta gertalekua pertsonaiekin eta istorioarekin.

Juan Garzia Garmendia. Itzultzaileak lagatako irudia,

Juan Garzia Garmendia. Itzultzaileak lagatako irudia,

Zenbat denborako lana izan da itzulpena? Zein izan dira zailtasun eta gozamen nagusiak bide horretan, halakorik izan bada?

Bost bat urte itzulpenaren lehen bertsioa burutzeko. Fase hori gozamen handikoa da ni bezalako biziosoentzat.

Gero dator penitentzia latza, zuzenketa prozesuarekin. Berrikusi eta berregin, eta gero atzera berriz ikusi hobekizunak, azkenik gabe noski. Harik eta puntu batean jada etsi behar duzun arte arriskua duzula testua, larrien larriz, hobetu beharrean lardasten hasteko...

"Call me Ishmael". Literaturaren historiako esaldi mitiko horrek irekitzen du Melvilleren jatorrizko testua, eta hamaika teoria izan dira hasiera horren esanahiaren eta, hartara, itzulpen zuzenaren inguruan. Zenbat buelta eman dizkiozu hasiera ikoniko horri eta zergatik, azkenean, "Esadazue Ismael"?

Esana dut beste zenbait tokitan delako esalditxoa euskaratzeko ez dudala sentitu arazo tekniko berezirik zegoenik. Hori baino gehiago da ea nola interpretatzen duen irakurleak kontua (benetako izena ote?, nori ari zaio ahots hori?...).

Espainierazko bertsioen artean dago sekulako saltsa; euskaraz, bi kontutxo bakarrik: batetik, esaldiaren hartzailea singular ala pluraltzat jotzea ("deitu ni(ri) Ismael" berdin litzateke literalena, baina ez dirudi noski naturalena). Beste erabakia pertsonalagoa da: esan aditza erabiltzea (hor eta gainerako testuan zehar) deituren ni/niri auzi dialektala saihesteko.

'Moby Dick'

'Moby Dick'

Zein material erabili duzu Moby Dick itzultzeko? Zenbat laguntzen du bibliografiak langintza horretan eta noiz eta zertarako jotzen da beste hizkuntzetako itzulpenetara?

Halako maisulan globalen abantaila da, izatez, sekulako azterketak egin direla, ugari eta oparoak, hainbat ikuspegitatik. Eta, maila arruntagoan, testuaren xehetasun lexikoak eta erreferentzia kulturalak non argiturik ere badela.

Orain, gainera, klik batera egoten dira halako asko. Bestelako laguntza ematen dute beste hizkuntzetako bertsioek, asmamenaren makulu gisa erabiliz gero pasarteren batean (baina haietara lerratu gabe guztiz).

Frantsesezkora jo dut tarteka, eta espainierazko pare batera ere bai maizago (18 Moby Dick desberdin kaleratu dira espainieraz gaurdaino!).

Shakespeareren oihartzuna dario Moby Dicki, kritikari askok aipatu dutenez, eta zuk ere esaten duzu hitzaurrean Melvillek egina zuela Shakespeareren irakurketa luze-zabala. Shakespeareren obra landu izanak ematen dizun ikuspegitik, zer ezaugarrik batzen ditu Shakespeare eta Melville, zure ustez?

Badakigu Shakespeareren lanak irakurtzen aritu zela Melville Moby Dicki ekin aurreko urte parean. Badirudi horrek lagundu ziola taxua ematen balearen inguruko aurre-material gordinari, hura lehengaitzat erabiltzeko istorioaren eraikuntzan.

Formalki, badira pasarte batzuk antzerki gisa emanak erabat; baina shakespearetasun nabarmenena, nik uste, pertsonaien taxutzean ageri da, eta, batez ere, Ahab kapitainaren figuran (bere gaitzean heroikoa).

Eta, jakina, gai nagusia den Ahaben monomanian ere bada halako zapore bat: horra auzia: hil (balea) ala hil (ni).

Juan Garzia Garmendia. Itzultzaileak lagatako argazkia.

Juan Garzia Garmendia. Itzultzaileak lagatako argazkia.

Zerk ematen dio beste dimentsio bat "zeroi zuri handi baten jazarpen setatsu galgarria" den liburu honi? Zure ustez, zergatik hartu du nobela honek klasikoaren dimentsioa eta, askorentzat, amerikar eleberri behinenaren maila?

Uf! Liburu potolo osoak idatzi dira kontu bioi buruz.

Alde batetik, AEB munduko indar handiena bihurtzeko abian zen garaian idatzia eta kokatua da liburua, eta aise interpreta daiteke baleazaleon bidaia sortzen ari zen gizartearen isla nahiz sinbolotzat, bere industria-indarrarekin eta hura sostengatzeko egitura sozialarekin: munduko bazter guztietatik eta arraza guztietako langileria zarpailarekin eta haien gaineko hierarkia zurrunarekin (eta zoro handi bat masa alienatu horren gidari itsu: ezaguna, ezta, egoera?).

Klasikoaren dimentsioa, berriz, AEB hori ere mundu zabalaren isla izanik hein batean, nonahiko irakurleek emana du, arrakasta berehalakoa izan ez zen arren, jakina denez.

Nola arintzen du itzultzaile onak bere itzalaren pisua? Zer egin behar du eta zer ez du egin behar itzultzaileak, esku artean duen lehengai baliotsua hondatu nahi ez badu?

Batetik, munduko harroena izan beharra dago: ni izango naiz Melville euskaraz. Eta, bestetik, umilena: testuaren zerbitzura nago buru-belarri.

Esaten erraza bezain gauzatzen gaitza da kontua, baina esanda dut literaturaren (eta euskararen) bizio horrek bizi gaituela batzuk.

Norentzat idatzita dago euskarazko Moby Dick?

Literatura euskaraz irakurtzeko grina duen jendearentzat.

Zer esango zenioke Moby Dick irakurtzeko zeharkaldia abiatzear denari?

Haize on, itsaslagun!

Badaukazu beste itzulpen lanik esku artean? Literatura unibertsalarekin zein zor premiazko dauzka, zure ustez, euskarak?

Axularren esan ospetsua egokituz: ez du literatura euskaratuak errurik, euskal irakurle murritzak baizik. Uste dut egiteko larriagoa dela, dagoeneko, irakurletza sendotuz joatea, eskaintza zabaltzea baino.

Hala ere, hobe zenuke galdetzea, zerrenda laburra nahi baduzu, zer ez nukeen ikusi nahi euskaraturik... Nik neuk Shakespeareren neure itzulpen sorta osatzeko ale bat daukat jada esku artean, zuzenketekin hasia. Hori, ordea, beste istorio bat da.