Itxi

Musika

Jazza

Gasteizko Jazzaldiak Paco de Lucia omenduko du, uztailean

Erredakzioa

Gasteizko jaialdiak Paco de Lucia maisua zena omenduko du 38. edizioan; horretarako, uztailaren 15ean, Chano Dominguezek eta Niño Joselek "Chano y Josele" diskoa aurkeztuko dute, Mendizorrotzan.

  • Niño Josele Chano Dominguezekin batera artituko da Gasteizen. Argazkia: Efe.

    Niño Josele Chano Dominguezekin batera artituko da Gasteizen. Argazkia: Efe.

Jaialdiaren antolatzaileek aurtengo ekitaldiko artisten zerrendako izen gehiago iragarri dituzte; uztailaren 14tik 19ra hartuko du jazzak Gasteiz, 2014an.

Aurrekoetan bezala, gospel kontzertu batek abiatuko du jaialdia; aurten, Take 6 izango da horren arduradun, "inoiz sari gehien jaso dituen ahots taldeak".

Uztailaren 15ean, asteartearekin, Chano Dominguezek eta Niño Joselek Fernando Truebak ekoitziriko diskoa aurkeztuko dute, Paco de Lucia zenari, gitarra flamenkoaren maisuari, gorazarre egiteko. Gasteizko Jazzaldiaren aurreko zenbait ediziotan, biokin batera aritu zen Algecirasko mito hilberrriak.

Astearte gaueko programazioa Darcy James Argue kanadar konposatzaileak osatuko du.

Asteazkenekoa, uztailaren 16koa, Noa israeldarraren eta Miguel Poveda katalanaren gaua izango da. Bakoitzak bere kontzertua emango du, baina, amaieran, elkarri batuko zaizkio agertokian.

Ostegunean, uztailak 17, Gasteizko Jazzaldiak Louis Armstrong omenduko du, Dr. John pianista, konposatzaile, gitarrista, baxu-jotzaile eta ekoizlearen kontzertuaren bidez. New Orleansko tronpeta-jotzaile onenak izango ditu inguruan hitzordu horretarako.

Ostiralean, laukote bat izango da protagonista. Richard Bona baxu-jotzailea, Manu Katche, Peter Gabrielekin eta Stingekin batera lan egindakoa, eta konposizio melodikoen bi zale sutsu izango dira: Eric Legnini eta Stefano Di Battista.

Azkenik, gasteiztarrek eta bisitariek Chucho Valdes musikari kubatarra entzun ahal izango dute Mendizorrotzan, Border Free diskoa aurkezten.