Itxi

Musika

Biografia

Mikel Laboa, Marisol Bastida alargunaren begietatik

Erredakzioa

Marisol Bastidak Mikel Laboa senarra zenaren biografia bat publikatu du, 40 urteko harrema izan eta gero.

1:41
Mikel laboa

Mikel Laboaren alargunak, Marisol Bastidak, musikariari buruzko biografia bat publikatu du, horren "esku-zabaltasuna, originaltasuna eta umorea" agerian uzteko. Horrekin batera, bikotekideek bizi izan duten testuinguru soziokulturala ere azaldu du.

Memoriak. Mikel Laboraren biografia bat (Ellar) liburua aurkeztu du gaur Bastidak. 400 orri inguru dira, eta 60ko hamarkadatik 2008. urtean hil zen arte artistak bizitakoari buruzko txostenak biltzen ditu. Koro Navarrok euskaratu du.

Navarroren esanetan, memoriek Mikel Laboaren "umorea, esku-zabaltasuna eta originaltasuna" islatzen ditu. Gainera, Bastidak berak ere ezaugarri horiek dituela gaineratu du, "oso antzekoak baitira".

Proiektua "nahigabe eta helburu zehatzik gabe" jaio zen, 60ko hamarkadan Laboan "sakonago" ezagutzen hasi zenean, Bastidak azaldu duenez. Izan ere, txikitatik ezagutzen dute elkar, eta 1964an ezkondu ziren. Orduan, senarraren jarduera artistikoari buruz txostenak biltzen hasi zen.

Besteak beste, jendaurrean abestu ahal izateko 1963. urtean Zaragozan lortutako baimena dago horien artean.

Hurrengo hamarkadetan, Bastidak grabazioak, kontzertuen kritikak eta beste hainbat material bildu zituen. 1984. urtean, bildutakoari buruzko notak idazten hasi zen.

"Notak idaztetik, koadernoak idaztera pasatu nintzen", esan du Bastidak. Hori horrela, 2010. urtean memoriak idazten hasi zen, eta 2011. urteko ekainean bukatu.

Hainbat zuzenketa egin eta gero, Bastidak hainbat pertsonaren laguntza izan du testuak biribiltzeko, Bernardo Atxagarena kasu.

Emaitza 2013an aurkeztu zioten Mikel Laboa katedrako zuzendariari, eta horrek aholkuak eman zituen eta euskaratzen lagundu zuen. Izan ere, hizkuntza horretan liburu bat idazteko gaitasunik ez duela aitortu du Bastidak.

Duela lau hilabete, biografia publikatu behar ote duen galdegin zion bere buruari Labastidak, zalantza bete baitzegoen, baina azkenean hala egitea erabaki du, "iragana ezagutzea inportantea" dela uste baitu.