Itxi

Musika

Ekainak 19 eta 20

Mastodon taldea Azkena Rock Festival Gasteizko jaialdian izango da

N.V. | eitb.eus

Atlantako metal taldeak rockaren munduan azkenaldian izandako proposamen arrakastatsu eta interesgarrienetakoa eramango du Gasteizko jaialdira.

  • Mastodon

    Mastodon

Azkena Rock Festival Gasteizko jaialdiak Mastodon gehitu du aurtengo kartelera, gaur egun rockaren eta metalaren inguruan dagoen talde interesgarrienetako bat. 1999. urtean sortutako taldeak, besteak beste, ZZ Top, Television, L7, D-Generation, Red Fang eta Black Mountain izango ditu lagun ekainaren 19 eta 20an Mendizabalan egingo den jaialdian, Last Tour enpresa antolatzaileak iragarri duenez.

Atlantako laukoteak Once more round the sun (2014) estudioko bere seigarren diskoa aurkeztuko du Mendizabalan, “exekuzio bikaineko eta soinu berritzaileko proposamenari beste ukitu bat eman dion lana”. Nick Raskulinecz ekoizlearekin (Foo Fighters, Rush…) lan egin dute kantu bilduma grabatzeko.

Remission (2002) lehenengo diskoa “urrezko disko” izan zen, eta, haren atzetik, Leviathan disko kontzeptuala etorri zen, Moby Dick eleberrian oinarritutakoa. Kritikariek aho batez goraipatu zuten lan hori, eta ospea eman zion taldeari. Gero, 2006an, Blood Mountain eta 2009an Crack the Skye diskoak argitaratu zituzten, eta bi urte geroago The Hunter ondu zuten, orain arteko beren arrakasta komertzialik handiena.

Thrash metala, stonerra, metal progresiboa, hardcorea eta heavy ukituak daude Mastodonen doinuetan. Talde berritzailea da, indartsua bezain freskoa.

Sarrerak

Bi eguneko bonuaren prezioa 72 eurokoa (+ gastuak) da, eta kanpalekuan tokia izan nahi dutenek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte. Besteak beste, jaialdiaren webgunean daude salgai txartelok. Martxoaren 9ko eguerditik aurrera, 79koa izango da bonuaren prezioa, eta eguneko sarrera 52 euroan (+ gastuak) erosi ahalko da.