Musika
Urriak 30-31
Michael Kiwanuka eta Matthew E. White soul musikariak, BIME Livera
N.V. | eitb.eus
Musika estilo hori interpretatzeko bi modu batu dizkiote antolatzaileek kartelari. BIME Live BECen, Barakaldon, egingo dute, udazkenean, Imagine Dragons estatubatuar taldea buru dela.
-
Michael Kiwanukak soula taularatuko du Barakaldoko jaialdian
Michael Kiwanuka eta Matthew E. White musikariek urriaren 30ean eta 31n Barakaldoko BECen ospatuko den BIME Live jaialdian joko dute, Imagine Dragons, Iron & Wine, Benjamin Clementine eta Astronautalis barne hartzen dituen egitaraura gehitu baitituzte antolatzaileek.
Jaialdiaren arduradunen arabera, "lehen mailako bi artista" dira Kiwanuka eta White. "Soul eta blues estiloak ulertzeko erari dagokionez, bi artista gazte eta bikain hauen ikuspuntua ezberdina da, baina biek sentikortasun nabarmena adierazten dute", esan dute.
Michael Kiwanuka kantautorea eta gitarra-jotzailea "soul musikan erreferentea da dagoeneko", nahiz eta 28 urte soilik dituen. Jatorri ugandarra du eta Britainia Handian hazi da, gurasoek Idi Amin diktadorearen erregimenetik alde egin ondoren. Joni Mitchell, Bob Dylan eta Otis Redding artistekin alderatu dute.
Gaur egun, bere hurrengo diskoa prestatzen ari da, “Home again” debutaren jarraipenean, eta "You've Got Nothing To Lose" Jack Whitek ekoitzitako abestia aurreratu zuen iaz. Whiteren kontzertuak behin baino gehiagotan ireki ditu, baita Adele, Alabama Shakes edota Jack Johnsonenak ere.
Bestalde, Matthew E. White "artista osoa" da, egilea, abeslaria, gitarrista, konpositorea eta ekoizlea. 1982an jaio zen, Virginian (AEB), baina gurasoak misiolariak zirenez, laster Manilara lekualdatu ziren. Bertan, Muddy Water eta Lee Perry artistekin hazi zen musika munduan.
Sarrerak
Imagine Dragons taldea kartelburu izango duen jaialdirako bonuaren prezioa 64 eurokoa da. Larunbaterako, Imagine Dragonsek joko duen egunerako, sarrerak, berriz, 44 euroan erosi ahal dira.
Iron and Wine, Benjamin Clementine eta Astronautalis taldeek ere joko dute BIME Live jaialdian.