Musika
Urriak 4
Refusedek joko du Rise Against eta Berri Txarrakekin batera BECen
N.V. | eitb.eus
Suediar hardcore taldeak itxi du Barakaldon, BECen, urriaren 4an egingo duten kontzertuaren kartela. “Taldeek beren set osoa joko dute”, antolatzaileen esanetan.
Refused taldea batu zaio urriaren 4an Barakaldok, BEC erakustazokak, hartuko duen kontzertuko kartelari. Berri Txarrakek joko du lehenengo, Refuseden aurretik, eta gaua Rise Againstek itxiko du.
Sarrerak 36 euroan (gehi banaketa gastuak) erosi ahal dira oraingoz, baina 3000 saldutakoan prezioa igoko dute, eta 40 euro ordaindu beharko dira (gehi banaketa gastuak).
Refused suediar hardcore talde ikonikoak aurtengo ekainaren 29an kaleratu zuen Freedom diskoa, banandu eta 17 urtera. Etenaldia egin aurretik, 1998an, The Shape of Punk to Come, estiloaren bilakaeran ezinbestekoa izan den lana, argitaratu zuten: punka, metala, hardcorea, technoa, jazza, emoa, hip-hopa, pisu politiko handia hitzetan…
2012an itzuli zen taldea, Coachella jaialdian kontzertu bat emateko, eta, aurten, erabat bueltan dago: diskoa bira…
Rise Against eta Berri Txarrak
Sei disko atera eta gero, punk rockeko egungo beste edozein taldek baino lausengu eta arrakasta gehiago jaso ditu azkenaldian Rise Againstek; azken diskoen lau milioi ale baino gehiago saldu dituzte. Barakaldon, The Black Market taldearen zazpigarren diskoa aurkeztuko dute.
Berri Txarrakek, bestalde, bederatzi hil daramatza Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza aurkezten, eta asteburu honetan bertan Resurrection Fest jaialdian aritu dira, Galizian, Refusedekin batera han ere.
Aspaldiko lagunak dira Rise Against eta Berri Txarrak, eta taldeon kantariak behin baino gehiagotan batu izan zaizkio elkarren taldeari, disko eta kontzertuetan.
Tim McIlrath (Rise Against) eta Berri Txarrak: "Denak ez du balio"