Itxi

Musika

Hilaren 26ra arte

Jazzak eta Donostiak urrezko ezteiak ospatuko dituzte gaurdanik

Agentziak | Erredakzioa

Jamie Cullumen emanaldi hirukoitza da jaialdiaren arretagune nagusia, baina beste asko ere jardungo dira: Jimmy Cliff, The Cookers, Melody Gardot, Dee Dee Bridgewater, Benny Golson, John Zorn...

1:25

80 kontzertua aurretik eta hiriaren babes osoa atzetik: horrek guztiak inguratzen du Donostiako Jazzaldiaren 50. edizioa. Jazza gero eta txoko gehiagotara zabaldu da hirian, eta Zurriolako hondartza eta Kursaaleko terrazak hartu ditu dagoeneko; azken horretan, bederatzi kontzertu ospatuko dituzte, inaugurazioko Jazz Band Ballen.

Lehen egun honetan hondartzako agertoki berdera bertaratzen denak, bestalde, Jamie Cullumen alde ezkutu bat aurkituko du: DJ lanetan arituko da edizio honetako protagonista nagusia. Ostegunean, pianoaren aurrean bakarka jardungo da Kursaalen eta, ostiralean, bandak lagunduta Trinitate plazan.

Agertoki berdetik, Earth, Wind and Fire Experience eta Jimmy Cliff jamaikarra ere pasatuko dira.

The Cookers musikari beteranoek osatutako zazpikotearen proposamena ere gozatu ahalko da lehen egun honetan; genero honetako musikari handienekin jo dute ibilbide luzean. Halaber, Carla Cook eta Claire Martin ere pasatuko dira Donostiako agertokietatik.

Kursaalen eta Trinitate plazan, ez dago sarrerarik hilaren 23ko kontzertuetarako, Cullum bakarka ikusteko, eta Silvia Perez eta Zaz frantziarrak emango dutenerako.

Jamie Cullum, Melody Gardot, Benny Golson...

Halaber, Cullum hilaren 24an ikusteko eta azken egunean Melody Gardoten kontzertura joateko ere ez dago sarrerarik. Gardoten aurretik, Andrea Motis kantari eta tronpetista gazteak joko du Trinitate plazan. Artista “erabat izugarria” da, Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendariaren esanetan.

Martinek Silvia Perez Cruzentzat ere izan ditu lausenguak: “Fenomeno handia da, berton oraindik horren errotuta ez badago ere”. Halaber, Julia Biel hilaren 24an San Telmo Museoan arituko den artistari buruz “urtebeteko epean ahots jazzeko izan handienetakoa” izango dela esan du.

Ahots ederra Dee Dee Bridgewaterrena ere bada, 49. edizioaren itxieran erakutsi zuenez. Trinitate plazan egongo da berriz, azkenaurreko jardunaldian, Irvin Mayfield eta The New Orleans 7rekin batera.

The Bad Plusek, Joshua Redman saxofonistak lagunduta, ere sarrerak agortu ditu, larunbaterako, Kursaalen. Ostiralean, Benny Golson arituko da agertoki horretan bertan; Jazzaldiaren saria jasoko du saxofonista eta konposatzaileak.

John Zorn ere pasatuko da Kursaaletik edizio berezi honetan, Donostiara bueltan. Gregory Porter ere itzuliko da Gipuzkoako hiriburura, eta honen emanaldia doakoa izango da, gainera, hilaren 23an hondartzan.