Itxi

Musika

Uztailak 30-31 eta abuztuak 1

Mundaka Festival: musika, surfa eta gastronomia hiru egunez

Natxo Velez | eitb.eus

Santa Katalina penintsulan paratutako agertokitik Anti-Flag, Belako, Dead Bronco, Loquillo, Travellin Brothers, Echo & The Bunnymen, The Sonics eta We Are Standard pasatuko dira, besteak beste.

  • Inguru ederrean gauzatuko dira jaialdiko kontzertuak.

    Inguru ederrean gauzatuko dira jaialdiko kontzertuak.

Mundaka Festival jaialdi jaioberriak hurrengo hiru egunetan, uztailaren 30etik abuztuaren 1era, emango ditu lehen pausoak, euskarri gisa musika, nola ez, surfa eta gastronomia hartuta. Hori guztia, gainera, euskal kostaldeko toki paregabean eskainiko du jaialdiak.

Programazioa, musikari dagokionez, The Uski?s taldearen kresal usaineko rock klasikoak zabalduko du, eta horien ostean, itsaso gustuko doinuetatik gehiegi urrundu barik, Smile getxoztarren doinu alaien txanda helduko da.

Jarraian, 23:00etan, Anti-Flag estatubatuar ezkerzaleen punk rock kantuak, Rural Zombies eta Belakoren, eguna joan eguna etorri diskoz disko eta, batik bat, kontzertuz kontzertu bere bilakaeraren sabaia koska bat gorago jartzen duen mungiar taldearen, proposamenak entzungo dira. Kontzertuen arteko tarteak, Optigan 1 disko-jartzaileak girotuko ditu.

Belako, 2014ko Bilbao BBK Live jaialdian zuzenean

Ostiralean, musika, gastronomia eta surfa hirukoaren azken bi elementu hauei toki egingo diete Mundakan eguerdira arte: dastatze saioak, produktu azoka, gazteentzako surf eskolak eta beste egongo dira gozagai. Iluntzetik aurrera, baina, Santa Katalinako agertokian atondutako bozgorailuei bezperatiko atsedenaldia bukatuko zaie.

Mobydick getxoztar kantugile eta musikariaren doinu akustikoek emango diete ongietorria bisitariei, eta Sinnerdolls eta Cactus bermeotar taldeek hartuko diote lekukoa algortarrari. Horien ostean, Bermeotik Getxora itzuliz, Dead Broncok hartuko du agertokia: Matt Horan buru duen country bortitzeko taldeak Penitent man diskoa aurkeztuko du, ohi duten bezala seguru sutsua izango den kontzertuan. Datorren astean, Sziget Budapesteko jaialdi erraldoian arituko da taldea, mugak zabaldu eta zabaldu ari den erakusgarri.

Dead Bronco: "Big city mama"

Horien ostean, rockaren ikur batek aurkeztuko ditu bere kantuak, Loquillok; Codigo rocker Nu Niles taldearekin grabatutako kantu bilduma da bere azken lana. Eta azken diskoa grabatu dute, hain zuzen ere, aste honetan, Norvegian, gaueko hurrengo protagonistek, Travellin' Brothers taldeak: Europako blues talde onenaren sariaren irabazleak etxeko lanak eginda, Eskandinavian kontzertu bat eman eta zazpigarren diskoa izango denaren grabazioa besapean dutela, helduko dira Mundakara.

Travellin' Brothers: 'Creole Queen'

Unclosek, Split 77 pop rock talde dotorearen hondarretatik jaiotako taldeak, itxiko du larunbateko eskaintza. Taldeen arteko tarteak betetzea eta jaiaren amaieran doinuak proposatzea DJ Nashen eginbeharra izango da.

Larunbatean, jaialdiaren azken egunean, eguerdira arte kostaldearekikoak (itsasertza garbitzeko auzolanerako deialdia dago, besteak beste) eta sabelarekikoak (dastatze saioak eta roduktu azoka egongo dira berriz) kitatuta, 20:15etan hasiko da watt erauntsia ostera ere. Smoke Idolsek eta Peachy Jokek hautsiko dute izotza, eta, horien ostean, Echo & The Bunnymen klasikoak helduko dira Santa Katalinara: ?Lips like sugar??

Liverpoolekoen ostean, The Sonics estatubatuarrek garage doinu zaratatsuak zabalduko dituzte,  eta We Are Standard getxoztarrek itxiko dute jaialdiaren lehen edizioa.

WE ARE STANDARD 2012. ARGAZKIA: MUSHOROOM PILLOW
We Are Standard