Musika
Orkestra sinfonikoa
BOSek Bizkaiko kostaldeko bira abiatuko du ostiralean
Agentziak | Erredakzioa
Orkestrak Bermeo, Gernika, Ondarroa eta Lekeitio bisitatuko ditu. Irailean, Getxo, Santurtzi eta Zallan joko du.
BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak bira egingo du Bizkaiko kostaldean zehar, ostiraletik, hilak 7, aurrera. Bermeon hasiko da Txaber Fernandez maisuak zuzenduko dituen kontzertuen segida.
Orkestrak, arrantzale herria ez ezik, Gernika (larunbata, hilak 8), Ondarroa (osteguna, hilak 13) eta Lekeitio (hilak 14) ere bisitatuko ditu, Mozarten operetako obertura eta ariak eta Ludwing van Beethovenen 4 zenbakiko sinfonia eskaintzeko.
Orkestrarekin batera, Vanessa Goikoetxea soprano gazteak kantatuko du, gainera.
Irailean BOS Getxon (asteazkena, hilak 9), Santurtzin (ostirala, hilak 11) eta Zallan (larunbata, hilak 12) egongo da, programa ezberdin batekin.
2013-2014 denboraldian hasi ziren bira hau egiten, Bizkaiko Foru Aldundiak orkestraren lana bizkaitarrei gerturatzeko.