Musika
Musika Hamabostaldia
BBC Philharmonic eta Juanjo Mena Hamabostaldiko programa sinfonikoa hasteko
Agentziak | Erredakzioa
Gasteiztar maisuak eta berak gidatzen duen orkestrak Asier Polo bizkaitar biolontxelo-jotzailea izango dute lagun gaur, eta Donostiako Orfeoia bihar.
BBCren Orkestra Filarmonikoak Donostiako 78. Hamabostaldiaren programa sinfonikoa irekiko du gaur, abuztuak 3, Kursaaleko auditoriumean, eta bi hitzordu eskainiko dizkio donostiar publikoari musika zikloan: lehenengoa arratsalde honetan, Asier Polo bizkaitar bilontxelistarekin batera, eta bigarrena bihar, Donostiako Orfeoia lagun.
Britainiar talde ospetsuak Edwar Elgarren “Biolontxelorako kontzertua” interpretatuko du lehen emanaldian, Poloren adierazkortasun eta dotoretasunarentzat “ezin egokiagoa”, eta bihar Beethovenen opera bakarraren, “Fidelio”ren, kontzerturako bertsioa joko du, Orfeoiaren ahotsen indarra baliatuta.
Menak gogoratu du 1989an aritu zela lehenengoz Donostiako jaialdian, Interprete Gazteen Zikloaren hastapenetan, musika garaikidearen “proposamen zoro” batean klarinetea jotzen, “ero” koadrila batekin. “Ez dut ulertzen nolatan utzi ziguten jotzen”, esan du arabar musikariak.
Elgarren kontzertua “lirismo ederreko eta adierazkortasun sakoneko lan barnekoia” da, Asier Poloren hitzetan, eta txelista batentzako “kontzertu ezin egokiagoa” da.
Bestalde, Menak adierazi du bihar emango duten kontzertuaren errepertorioak “kritika oso onak” jaso zituela Londresen, Royal Albert Hallen, uztailaren 21ean taularatu zutenean; 6.000 bat lagun bertaratu ziren “Fidelio” ikustera, eta britainiar telebistan emateko grabatu zuten.