Musika
Ostegun honetan
B.B. Kingek Donostiako Jazzaldian emango duen kontzertua, eitb.com-en
Erredakzioa
Erredakzioa
'Bluesaren erregeak' Heineken Jazzaldiaren 46. edizioa irekiko du Zurriolako hondartzan. 21:30etik aurrera, zuzenean jarraitu ahal izango duzu emanaldia, eitb.com-en.
Dena prest dago Donostian ostegun honetan B.B. King handiak eskainiko duen kontzerturako. ''Bluesaren erregeak'' Heineken Jazzaldiaren 46. edizioa irekiko du Zurriolako hondartzan, doako emanaldi batekin. Antolatzaileek 40.000 pertsona inguru espero dituzte. Gipuzkoako hiriburuan egoteko aukera ez dutenek zuzenean jarraitu ahal izango dute kontzertua, eitb.com-en, 21:30etik aurrera.
Ez da streaming bidez eskainiko dugun eguneko zuzeneko bakarra. 00:30etik aurrera, Staff Benda Bilili taldearen kontzertua ere izango da ikusgai. Kinshasako (Kongoko Errepublika Demokratikoa) antzinako zooaren inguruetan bizi diren kale musikariz osatutako taldea da Staff Benda Bilili. Horietako batzuk paraplegikoak dira, poliomielitisa dela-eta, eta Harley-Davidsonen itxuran ''''tuneatutako'''' gurpil-aulkietan mugitzen dira. Taldearen lehen diskoa, Très très fort, Europako musika etnikoen zerrendetako buru izan zen, hainbat hilabetez.
Osteguneko egitaraua
Agertoki Berdea. Sarrera doan
21:30: B.B. King
24:30: Staff Benda Bilili
Frigo Gunea. Sarrera doan
20:00: Tucson Jazz Institute Ellington Band
23:00: Aloe Blacc
Heineken Karpa. Sarrera doan
20:00: Elephant9
23:00: Eivind Aarset Sonic Codex Quartet
Coca-Cola Gunea. Sarrera doan.
''ZU falta al zara Jaialdian?'' lehiaketako irabazleak
20:00: The Free Fall Band
23:00: Oreindik
Jazza, protagonista Donostian
Uztailaren 25a arte, izar handiak arituko dira Donostian: Chick Corea, John McLaughlin, Cyndi Lauper, Mavis Staples, Toots Thielemans, Avishai Cohen, Jackson Browne eta Aloe Blacc, besteak beste. Toots Thielemansek 2011ko Donostiako Jazzaldia Saria jasoko du, gainera. Guztira, 80 kontzertu ikusi ahal izango dira; horietako 60, doakoak.
Aurtengo nobedade nagusia San Telmo Museoan egingo diren kontzertuak izango dira. Museoko klaustroan, patioan, elizan eta ekitaldi aretoan hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera eskainiko dute.