Itxi

Musika

Egunerokoa

Willis Drummonden "Zugzwang Tour" biraren egunerokoa (VI)

Jurgi Ekiza, Xan Bidegain

Japoniara, Australiara eta Tahitira eramaten ari da bere azken diskoa Willis Drummond, eta hemen kontatzen dizkigute biraren nondik norakoak.

  • Willis Drummond

    Abenturak abentura eta txangoak txango, egurra ematen ari dira willisdarrak Australian

2020-03-06, Ballarat-Melbourne (M8 Western Freeway)

Ze sentsazio ona kontzertu ostekoa... Ez, ez zen jende anitzik, baina hirurak atera gara kontzertutik poz-pozik. Lekuak eta bertako jendeak badute zerikusia, ziur. Aitortu behar dut rock-and-roll klubetako giro ilun eta garagardoz gainezkakoa ez zaidala anitz atsegin gehiago. Ez dakit adina izanen den ala ene eguneroko bizitzeko modutik urrunegi zaidala, baina horrela da, aitortzen dut.

Baina Ballarateko The Eastern hori baino askoz gehiago da. Etxea bera, hotel ere egiten duena, ederra da, eta taberna, magnifikoa. Bafleetatik isurtzen dira Gareth Liddiarden kanta goxoak. Pixka bat berantago, The Drones bere talde ohiaren disko oso bat ere entzunen dugu bertan. Etxean gaude berriz ere... Bigarren gela bat da kontzertu aretoa, baina barra bi gelen artean da eta bi aldeetara ematen du. Azkenean, espazio ireki bakar bat bezalako zerbait da. Kanpoan, terraza bat, erretzeko eta bertako jendearen ezagutza egiteko, eta, bi ate pasatu eta gero, sukaldearen ondoan, kamerino handi bat. Aspalditik ez nuen ikusi hainbeste traste gela batean. Bi sofa, baina eserlekuen erdia puskez betea, monitore eta maleta batzuk eskuin-ezker, bateriaren burdina batzuk, baita kableak ere lurrean. Lau ohe, oihal eta manta guziak deseginak. “Hau da zuen kamerinoa”, dio Mattek, bertako jabeak... Minutu bat berantago jakinen dugu gure logela ere badela... Kar kar...

Ordenatzen hasten gara “non ditut ene botika antihistaminikoak?” pentsatuz. Baina mentalak erraten duena ez da gorputzak sentitzen duena anitzetan, eta biziki ongi sentitzen gara gela horretan. Are hobeto, eszenatokiaren gainean. Hemen anitzetan gertatzen den bezala, aretoak berak backline-a du: bateria oso bat, bi gitarra anpli, baxu anplia. Eta teknikaria ere jartzen dute, Josh.

Felixek bere etxean amaituko du gaua. Etxeko estudioa bisitatzeko aitzakia hartuz, azken tragoak bertan edateko gomita onartuko du, Xanek eta biok gure paradisu kaotikoan lo eginen dugularik. Oso ongi ospatu genuen Felixen urtebetetzea Apollo Bayn, eta bertatik Felixek iraunarazten du ospakizuna. Urte bat gehiago ospatzea amets bat betez ez da urtero pasatzen; beraz, gozatu egin behar da.

Aretora lehenak iritsi ginenez, soinu proba egiten dugu, asmorik ez bagenuen ere, eta ongi etortzen zaigu. Bertako Fender Pro Juniorraren soinua anitz gustatzen zait... Kontzertu ona izanen da enetzat! Lehen taldea zortzi eta erdietan hasi behar da, eta zortziak eta laurdenetan ez dira iritsiak ere. “No worries” errepikatzen dute denek; “No worries”, beraz. Arrazoi dute. Terrazara joatean, ohartzen naiz gitarrista bat bere pedalak brantxatzen ari dela... 5 minutu berantago, talde osoa prest da. Quentiam talde gaztea oso ona da, eta estilo deskribaezina du. Zinez interesgarria, baina Nirvanaren bertsio bat egin duten momentutik, ez naiz gehiago biziki objektiboa, kar-kar...

Abenturak segitzen du: bigarren taldeko bateria ez da agertu... “Moldatuko gara”, dio Sound Mountaineko gitarristak. Quentiameko bateria jartzen da bateriaren gibelean, baxu-joleak eskatzen dio gitarra bat lehen taldeari, eta 40 minutuko setlista inprobisatuko dute, dena “surf garage” estilokoa... Onak. Baina ez dakigu zein den taldearen benetako musika, azkenean. Interneten bidez entzunen dugu.

Gure txanda da. Aldaketa bost minutuan egiten dugu, eta aurrera. Harrera biziki ona da, eta, zinez, on egiten du energia guzi hori kanporatzeak. Kasik ahaztu zitzaigun, baina biran gara, ez oporretan, eta enegatik bederen, anitzez gehiago gustatzen zait hori. Jendetza ez dago, baina dauden guziek preziatzen dute, eta batez ere Mattek. Damutzen da osteguna izatea, baina asteburu honetan taberna hetsia izanen da, festibal bat dagoelako hirian, bere emazteak antolatua. Ea egun batez bertara gomitatzen gaituzten. Hasteko, anitz gustatu zaio taldea, eta gomitatzen gaitu aretoaren urtebetetzera jotzeko, 2021ean. Apuntatuta.

Goiz honetan, goizik atera behar ginen Ballaratetik, Melbournen medikua ikusi behar dugulako. Koronabirusaren psikosiak segitzen du, eta Tahitirako hegazkinean igotzeko atestatu medikoa behar dugu, birusik ez dugula frogatzeko. Mundua, aldrebes. Hala ere, denbora izan dugu kafe bat hartzeko hemen aurkitzen diren taberna/denda/tailer hipster goxo batean... Eta hor ere aitortu behar dut espazio handi eta argitsu hauek, kafe on eta musika goxoarekin eta bertako eta bidezko merkataritzako produktuak saltzen dituztenak, gero eta gehiago gustatzen zaizkidala. Ez da presarik izan behar, aldiz... Baina lasai, oporretan gaude.
A! Ez! Biran... Berriz ere nahastu naiz.

2020-03-08 (Xan)

Ballarat eta Melbourneko kontzertu bikainen ondotik, atzo Melbourne hiria bisitatzeko aukera ukan dugu. Melbourneko Howl at the Moon taldeko lagunen etxea dugu basecamp delakoa. Urretxun ezagutu genituen duela lau urte, Joseba B Lenoir Gang taldean jotzen genuen garaian, elkarrekin oholtza konpartitu genuenean. Talde bikaina eta jator baino jatorragoak denak.

Lehen geldialdia, Melbourne Museum. Australian gaude, baina ez dugu harremanik bertako jatorrizko biztanleekin eta Australiako xuri gehienek ez dituzte ezagutzen…

Museoan, lehen populuei buruzko erakusketa bat muntatu dute. Eta hori, betikoa, informazio sakon guti; hemen estetikak du lehentasuna. Baina pantaila handi baten aurrean jarri naiz, eta 2 edo 3 minutuko lekukotasunak ikusteko aukera izan dut bata bestearen ondotik, istorio berdintsuak, baina toki desberdinetan gertatu zirenak: xuri bat etorri, aborigenak armaz hil eta lurra hartu. Sinpleki eta arrazoirik gabe. Kolonizazioaren sistema. Eta tristeena niretzat: gaurko Australiako gehienek ez dakite nola sortu zen haien herria eta nola masakratu zituzten bertakoak…

Museotik atera eta kanpoko eguraldi ederrak hatsa berriz hartzen eta zintzurra desblokeatzen lagundu du. Melbournen bagenuen zerbait ezin hutsegina egiteko: AC/DC Lane kaletik pasatu! Hirurak (baina ni bereziki!) AC/DCren fan handiak gara, eta hori ez genuen huts egiten ahal. Ze poza Bon Scott eta Malcolm Youngen irudien aitzinean momentu baten hartzea, gure musikan eta bizitzan ukan duten eraginari pentsatzeko. RIP Masters! Ondotik, gaualdi goxo bat Howl at the Mooneko Katty eta Marken etxean.

Azken gau bat autokarabanan, eta prest gaude Tahitira joateko.

2020-03-10, 09:47 (Melbourneko ordua), Melbourne-Auckland hegazkina

Agur, Australia. Ez dut denborarik izan, ala, hobeto erranda, ez dut denborarik hartu idazteko Melbournera iritsi garenetik. Alta, balegoke kontatzeko... Baina orain luzeegi litzateke saiatzea laburbiltzen lau egunez bizi izandakoa. Sinbolikoki. Melbourne zen guretako bira horren benetako helburua... Sinbolikoki, han hasten zen buelta. Eta horrela da. Baina erran dezakegu helburua bete dugula: AC/DC ala The Drones bezalako taldeen jatorrizko hiria “rockeatu” dugu... eta nola!

Evelyn aretoa zinez benetako klub bat zen, kontzertua girotsua izan da, ongi jo dugu. Plazera hartu eta plazera eman, jendeen begiez fidatzen bagara... Beste behin ere, hurbildutako euskaldunek lagundu dute giroa sortzen, eta publikoaren beste partea kantuz kantu gureganatu dugu, denek bat egin arte. Atera ginen handik poz-pozik, gure misioa bete genuen sentsazioarekin. Berriz ere kontzertu osteko bake eta indarra...

Eta baita kontzertu onak ikusteak uzten duen energiaz betea ere, gurekin eszena partekatu duten hiru taldeak onak zirelako. Bai Karisek, gaualdiaren antolatzaileak, gomitatutako Roller Canes eta Long Holiday taldeak, baita guk azken momentuan gomitatu genuen Hawl at the Mooneko lagunak ere. Xanek eta Felixek ezagutu zituzten Euskal Herrian Joseba B. Lenoir Gangen kontzertu batean, eta lagun bilakatu ziren. Asteburu hori eta gero, ni ere Kate eta Marken laguna bihurtu naizela erran dezaket. Ezagutza ederra. Eta nola ez aipatu Karisen familia osoa... Egun hauek zatitu ditugu, beraz, adiskide guzi hauekin konpartitutako momentuen eta hiruren artean egindako bisiten aldetik....

Ez dizuet xehetasun handirik emanen, baina izen eta irudi batzuen bidez laburbildu behar banu, aipatuko nuke AC/DC Lane eta bere ondoko Cherry Bar famatua, Melbourneko Museoan kultura aborigenari eskainitako espazioak sentiarazi digun tristezia, hiri horren lasaitasuna, oposaketa zentroko berunezko dorreen eta victoriar estiloko etxe apal eta xume baina landuen artean. Berriz ere errepikatuko nuke zenbat aldiz pelikula batean ginela sentitu dudala. Noizbehinka serie moderno atean, noizbehinka Far Westari buruzko pelikula atean. Deskribatu behar lirateke parkeak eta tranbia zaharra ere, auzo burgesak ala cracka kasik “ofizialki” kontsumitzen diren karrikak, hiri erdian ikusten diren kolore biziko txoriak baita furgoneta ondoan, izarren azpian erretako T-bone haragi zatien usaina, ala goizeko bederatzietan hartutako bainu hura, Mornington penintsulako ur kalmeetan, edota bezperako Koonya Beacheko olatu basatuak ere.

Penintsularen bukaeran gelditzen den “fort”a ere bisitatu dugu, baita imajinatu ere beste behin ze itsuskeria den gerla, ze erokeria den zentzu onekoa kontsideratzea ona izan daitekeela kanoi erraldoi hauen bidez hurbiltzen den itsasontzi bat xehatzeko eta gainean diren gizonen bizitzei bukaera emateko agindua.

Martxoaren 8a zen egun hartan, eta laburbide sinplista dela kontziente banaiz ere, ezin izan dut saihestu ohartzea zuri-beltzezko argazki guzi hauetan, uniformeen azpian (armen gibelean, bulegoetan bezala) gizonezkoak soilik zeudela. Emazteei debekatzen zitzaiela erranen didazue. Egia da, baina segitzen dut pentsatzen ez dela arrazoi bakarra. Eta sinetsi nahi dut emakumeek haien eskubideen alde eta matxismoaren kontra gaur eramaten duten borrokak lagunduko gaituela guri, gizonezkoei, ere jarrera batzuk uzten eta beste batzuk deskubritzen eta kultibatzen... Dena idaztekoa da!
Hurrengo etapa, Tahiti.